Eneko Goia: "Ezinbestekoa da 2016rako hiria prestatzeko estrategia bat zehaztea"
Donostia 2016 egitasmoak “egiten den lanaren araberako emaitzak” emango dituela uste du EAJk. Eneko Goia zinegotzi jeltzaleak adierazi duenez, proiektu kultural garrantzitsu bat izateaz gain, “Donostia 2016 hiriaren garapenerako aukera paregabea” izan daiteke. Emaitzak, ordea, “egiten den lanaren araberakoak” izango direla nabarmendu du Goiak; “hiria prestatu” egin behar dela esan du.
Zentzu horretan, Donostiako Udala da erantzule, eta “hiria nahiz ingurua prestatzeko lankidetza publiko eta pribatuan oinarritutako estrategia bat” garatzea eskatuko dio EAJk udal gobernuari.
Hainbat kasutan kultur hiriburutzatik etekin ekonomikoak ateratzen jakin dutela esan du Goiak. Liverpool, Linz eta Graz hiriak jarri ditu adibidetzat, egonaldi kopurua %20 inguru igotzea lortu baitzuten. Baina, bestelako kasuak ere eman direla nabarmendu du Goiak: Praga, %6ko jaitsierarekin eta Bergen %1eko igoera apal batekin.
Bestalde, Donostia 2016 “ikusgarriago” egin behar dela uste du Goiak: “hiriko saltokietan ez dago hiriburutzari buruzko ia errefentziarik, ezta hirian antolatzen diren ekitaldietan ere. Eta larriagoa oraindik, Berlinen Europa mailako azoka bat egin berri dute, eta Euskal Herriko gunean ez zen Donostia 2016ren aipamenik”.
Aukera hori pasa bada ere, berandu baino lehen lanean hasteko garaia dela uste du Goiak, eta horretarako ez omen da nahikoa batzorde bat sortzea: “berandu gabiltza, beraz estrategia bat abian jartzea ezinbestekoa da”.



