Erabilerari dagokionez, 3 milioiko muga gainditu dute lehen aldiz kirolguneek
Josu Ruiz Kirol zinegotziak eta Leire Landa Donostia Kirolako zuzendariak eman dute iazko datuen berri. “Kirola egiteko ohitura areagotzea da gure erronka nagusia, eta 2013. urteko datuen arabera helburua bete da; alor guztietan goranzko joerari eusten diogu, beraz balantzea oso positiboa da”, esan du Ruizek.
2013. urtean 3.108.000 erabilera egin ziren, 2012an baino %4 gehiago, eta 2011. urtean baino %14,5 gehiago. Iazko datu horren arabera, egunero 8.500 herritar baino gehiagok erabili zuen kirolguneren bat.
Donostia Kirolak 2011. urtean egindako inkesta baten arabera biztanleriaren %70ak du gutxienez astean behin kirola egiteko ohitura. Ohitura hori Kirol Txartelaren erabileran ere islatzen dela aipatu du Leire Landak. Izan ere, azken hiru urteetan 48.000 bazkidetik gora izan ditu txartelak. 2011an, 48.263 bazkide; 2012an, 48.234 bazkide; eta 2013an, 48.112 bazkide.
Gainera, kontuan hartuz klubek kudeatutako zenbait udal instalaziotan berezko bazkideak dituztela, guztira 56.476 bazkide daude hirian, biztanleriaren % 30,5 inguru.
Erabilera datuak
Kirol Ekintzak kanpainako urteko ikastaroetan 15.189 pertsonak hartu zuten parte iaz. Hots, 2011/12 ikasturtean baino %6,7 gutxiago.
UDA kanpainak azken urte hauetako goranzko joerarekin jarraitzen du. Hala, 2013. urtean 13.600 partaidetik gora izan zituen; 2012an baino %4 gehiago eta 2011an baino %9 gehiago.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. mailen arteko haurrei zuzendutako doako Eskolako Igeriketa Sustapen kanpainan partaidetza aurreko urtetan izandako kopuruetan mantendu da (3.775 ikasle); maila horietan matrikulatuta dauden umeen %50 inguru.
Orokorrean erabilera kiroldegi guztietan igo da, baina Paco Yoldi eta Zuhaizti kiroldegiak izan ziren iaz erabiltzaile kopuru handiena bildu zutenak, 455.000 erabilerarekin. Zehazki Paco Yoldin egindako berrikuntzen ondorioz, bertako erabilera %30 igo da, inoizko kopuru altuenak lortuz.
Josu Ruizek adierazi duenez, kirolguneen egoera ona, eskaintza oparoa eta Kirol Txartelaren prezio egokia dira erabilera datu on hauen eragile nagusiak.
Kirol elkarteei laguntzak
Donostia Kirolak 740.000 euro banatu zituen iaz diru laguntzatan, 40 ikastetxe eta 99 kirol erakunderen artean. Izan ere, Eskola Kirolaren arloan nahiz aisialdiko kirol jardueretan parte hartzen duten herritarren kopuruak gora egin du.
Gainera, Donostia hainbat kirol txapelketen egoitza bihurtu zen berriro iaz. Europako beteranoen Atletismo txapelketa, Munduko Binakako Pala Profesionalaren Txapelketa, Bera Bera Eskubaloia, Hockeyko taldea eta Realaren Europa mailako lehiaketak leudeke aipagarrienen artean.
Bestalde, Josu Ruizek adierazi duenez ahalegin berezia egin da kirolguneak egokitzen eta berritzen. Martuteneko futbol zelaiaren berrikuntza, Atano III.eko lanak, edo Altza, Bidebieta eta Bentaberriko gimnasioetak konponketak azpimarratu ditu zinegotziak.
Zerbitzuen kalitatea jaitsi gabe Donostia Kirolak autofinantziazio portzentaia %60tik gora mantentzea lortu duela adierazi du Leire Landak, orain arte lortutako emaitzik onenetarikoa lortuz. 2012an autofinantziazioa %64koa izan zen, eta iaz %61,60koa.
Altzako kiroldegia
Josu Ruizek adierazi duenez Altzako kiroldegi berri da Udalak esku artean duen kirol egitasmorik garrantzitsuena. Tokiko Gobernu Batzordeak datorren ostiralean, martxoak 21, onartuko ditu lehiaketako baldintzak. Aurkeztutako bost proiektu aukeratuko dituzte, eta azkenik, altzatarrei utziko diete behin betiko kiroldegiaren aukeraketan parte hartzen.




