Europar eremuan pertsona guztientzako "zirkulazio" askea egotea eskatuko dute igandean
Arrazakeriaren aurkako XVII. Martxa, Trintxerpeko azokatik abiatuko da igandean, martxoak 23, 11:30etan eta 13:00ak aldera Bulebarrera iritsiko da.
SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako Medicus Mundik eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak antolatutako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako XVII. Martxa aurkeztu dute gaur goizean, Koldo Mitxelenan. “Aretoan sartzeko bi sarrera daude eta horietako bat itxita zegoen, igarobidea itxi dizuegu. Honela, beharbada, eserlekurako bidea deserosoagoa izan da, baina minutu batzuk besterik ez dira izan”, halaxe mintzatu da Monica Miguez, Medicus Mundiko komunikazio arduraduna, prentsaurrekoaren hasieran. Sentsazio hori pertsona askorentzat “egunerokotasuna” dela gehitu du.
Zirkulatu, Europa ireki baten alde lelopean, aurtengo martxaren asmoa bi gai uztartzea da. Alde batetik, Europako mugekiko politika salatu nahi dituzte, batez ere hegoaldeko mugei buruzkoa. “Azken 25 urteetan ia 20.000 migrari hil edo desagertu direla Europara iristeko ahaleginean. Iruditzen zaigu politika horrekin amaitu behar dela, ez da bidezkoa hainbeste pertsona hiltzen ikustea Europako mugen aurrean”, salatu du SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak. Gainera, Europa barruan zirkulatzeko eskubideen aurkako ahaleginak indartzen ari direla salatu nahi dute. Bestetik, bi hilabete barru ospatuko diren europar hauteskundeak hizpide hartuta, bertan parte hartuko duten eskuin muturreko alderdi politikoen aurka azaldu dira. “Euren politika diskriminazioan oinarritzen dute beraien politika eta hori indartzen bada, kaltegarria izango da Europan dagoen demokraziarentzat”.
Martxa Trintxerpeko azokatik abiatuko da igandean, martxoak 23, 11:30etan eta, 13:00ak aldera, Bulebarrera iritsiko da. 58 erakunde eta gizarte taldeen babesa jaso du eta, aurten ere, bosgarren urtez jarraian, Usandizaga GHI Diseinu Grafikoko Goi mailako Heziketa Zikloko lehen ikasturteko ikasleek komunikazio kanpainan parte hartu dute. Horretarako, bideo txiki bat eta prentsaurrekoa baino lehen egin duten performance-a sortu eta egin dute.



