Shangaitik, Seuldik eta Munichetik ere eskatu dute Karlos I. aren etorbideko saihesbidea ixteko
Barianterik ez aldarrikapena munduan zehar zabaldu dute Amara Berriko bizilagunek.
Karlos I.aren etorbideko saihesbidea ixteko protestekin aurrera darraite amaratarrek. Oraingoan, ordea, urrutitik iritsi dira bariantea ixteko eskaerak: Madrildik, Seuldik, Munichetik, Mallorcatik, Benidormetik, Shangaitik, Granadatik, Paristik, Valentziatik… Atzerrian bizi diren amaratarrek, oporretan kanpora joan diren auzotarrak eta haien aldarrikapenarekin bat egiten duten hainbat lagunek bat egin dute protesta honekin. Barianterik ez aldarrikapena eutsi, eta atzerriko hiri horretako leku esanguratsu batean argazki bat egiten dute. Ondoren, sare sozialen bidez zabaltzen dute argazkia.
Itziar Vergara amaratarrak azaldu dio Irutxuloko Hitzari nola bururatu zitzaien kanpaina hau egitea: “Kontzentrazio bat egin behar genuen Amaran, bariantearen ondoan, eta auzotar batek esan zidan ezin zuela etorri, Madrilera zihoala lagun batekin asteburu pasa. Eta ustekabean argazki bat bidali zigun Madrildik, Barianterik ez kartela eskuan zuela. Eta bere protestarekin bat egin zuten atzerrian dauden hainbat amaratarrek. Jada 50 bat argazki inguru jaso dituzte.
Iaztik, amaratarrek ez dute etsi, eta Karlos I.aren hiribideko saihesbidea ixteko mobilizazioak ez dituzte eten, eta Vergarak adierazi du aurrera jarraituko dutela. Gabonetan Olentzero atera zuten kalera; San Sebastian egunaren harira, danborrariak; Inauterietan, mozorroak… Aste Santuan prozesioetako nazanero batzuk jarriko dituzte saihesbidearen inguruan, eta udara aldean, turistaz jantzitako panpin batzuk. Denak Barianterik ez aldarrikapenarekin, noski.
- New Yorketik (AEBak)
- Burgostik (Espainia)
- Valentziatik (Herrialde Katalanak)
- Paristik (Frantzia)






