Mintzodromoan antolatutako talde bat. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Uraren Nazioarteko Eguna da bihar, eta San Telmo Museoak erakusketa bat antolatu du horren harira. Beste batzuetan egin duen bezala, Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak Mintzodromoa egin du San Telmo Museoan, eta museoak berak antolatutako erakusketa bat izan dute hizpide; urari buruzkoa, kasu honetan.
Orotara, berrehun bat lagunek hartu dute parte Mintzodromoan, goizean, eta lehen txandan bigarren areto bat ireki behar izan dute hurbildutako jende guztia jaso ahal izateko. “Ez ginen denak sartzen ekitaldi aretoan. Horrenbestez, goiko areto bat hartu dugu, eta bertakoek streaming bitartez, bertan dagoen telebistaren bidez, jarraitu ahal izan dituzte ekitaldi nagusian emandako aginduak”, adierazi du Bagerako ordezkari Aitziber Gurutzeagak.
Ilazki, Urrats, Irrintzi AEK eta Amara Berri AEK euskaltegietako ikasleak izan dira Mintzodromoan, baita zenbait Bagerakide ere.