Susana Soto eta Nerea Txapartegi, Historiaren Etxearen aurrealdean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostiari begira erakusketak ateak zabaldu ditu Urgulleko Historiaren Etxean, eta ondorengo hilabeteetan Donostiaren historiaren berri emango die bisitariei, baita donostiarrei ere, aurreko batean erakusketa bisitatu badute ere. Izan ere, edukia aberastu dute, bigarren mendeurrena gogora ekartzeko erabilitako zenbait edukiren bitartez. Bisita, beraz, errepika daiteke lasai asko.
200 bideo instalazioa, esaterako, San Telmo Museoan izan zen iaz. Orain Urgullen egongo da, Mota gazteluan dagoen erakustokian. Gauza bera egin dute Nabarraldek 1813ko gertaeren inguruan sortutako dokumentalarekin; ikus-entzunezkoaren laburpen bat ikus daiteke museoan. Era berean,
Apaizac obeto dokumentalaren trailerra dago ikusgai. Bestalde, Mota gazteluko hiru kanoi jarri dituzte erakusgai Historiaren Etxean. 2007tik kanoiak eraberritzen ibili dira, eta lan horrek isla izatea nahi izan dute.
Garai bateko jantziak, 1813ko Donostia, San Bizente eliza eta San Telmo Museoaren maketak, goiko solairuko begiratokia, informazio taulak… erakusketak eragingarri gehiago ditu.
San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotok eta Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegik egin dute erakusketaren aurkezpena, Urgullen bertan. Historiaren Etxekoa hiriak duen erakusketa arrakastatsuena dela aipatu dute, urtero 100.000 bisitari zenbatu baitituzte batez beste. “Erakusketa erakargarria da etortzen direnentzat; horregatik, aldatu baino, hobetu egin dugu”, adierazi du Sotok. “Urgulleko muinotik Donostiaren ikuspegi orokorra ikus daiteke; Urgullen dagoen Historiaren Etxearen barrualdean, berriz, Donostiaren historia”, laburtu du Txapartegik.
Erakusketaren ordutegia honakoa izango da:
Ekainak 30a arte, eta berriro irailetik aurrera: asteazkenetik igandera, 10:00etatik 17:30era. Uztailak 1etik abuztuak 31ra: astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00ak arte. Aste Santuko oporraldian, apirilaren 14 eta 27 bitartean: astelehenetik igandera, 10:00etatik 17:30ak arte.