Hutsik dauden etxebizitzak eraberritzeko %20ko diru laguntza aurreikusi dute, alokairua sustatzeko
Tokiko Gobernu Batzordeak komunitateak eta elementu pribatiboak birgaitzeko diru-laguntzen araudiari behin-betiko onarpena eman dio. Ordenantzari azken onarpena apirileko Udalbatzak eman beharko dio. Aurreko testuarekin konparatuz, alegazioak aztertu ondoren, berritasun nagusia da laguntza ildo berri bat sortu dela. Hau etxebizitza kontserbatzeko laguntzari batzen zaio, eraikinaren egiturari kalteak ekiditeko. Honekin batera etxebizitzak bertan bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzeko beharrezkoak diren obrak diruz lagunduko dira. Horretara obraren kostuaren %20rainoko laguntzak bideratuko dira, 20.000 euroko gehienezko ekarpenarekin. Tramitazioan laguntzak lortzeko baldintzak mugatu dira eta ezingo dute laguntzarik lortu hiru etxebizitza baino gehiagoren jabe direnek edota urtean 150.000 euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituztenek.
Araudiaren edukiaren artean, etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko helburuarekin proposatutako atala dago; hutsik dauden etxebizitza guztien erreformarako %20ko diru-laguntzak aurreikusten dira, 3.000 euroraino. Etxebizitza hauen jabeek etxea alokatzen jartzeko konpromisoa hartuko dute, Udalaren Alokabide programaren bidez. Honek ekarriko duena da etxebizitzak alokairuan jartzea merkatuak markatzen duen prezioa baino %20-25 gutxiago batean. Diru-laguntza hau jabeek lortu ahal dituzten beste batzuekin bateragarriak dira.
Araudi honek lehen hiru araudiren bidez erregulatzen ziren elementuak jasotzen ditu eta 1,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Udalbatza da dokumentuari azken onarpena eman behar diona.
Ordenantza berri hau, lehen onartutakoak baino aurrerago doa (1998an, 2001ean eta 2002an), udal gobernuaren arabera. Orain, beste helburu batzuk lortu nahi dituzte (etxeen jasangarritasuna eta energia eraginkortasuna handitzea), eta baita diru laguntzak udalerri guztirako izatea ere. Laguntzak udalerri osora zabalduko dira eta ez dira lehen bezala Parte Zaharra, Sagues, Loiola, Amara Zaharra eta Altza eta Herrerako zonalde batera bakarrik mugatzen.