Partaidetza zinegotzi Axier Jaka, Ekialdeko barrutiaren maparekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Pardaidetza zinegotzi Axier Jakak agerraldia egin du Bidebieta eta Altza bilduko lituzkeen Ekialdeko Bailara barrutiaren nondik norakoak azaltzeko. 2012an batzorde bat eratu zuten gaia jorratzeko, eta batzordearen buru den EAJk dagoeneko proposamen bat egin du bertan, barrutiaren egiturari dagokionean. PPk eta PSE-EEk ere berea egin dute, baina batzordetik kanpo. Bada, Bilduren txanda izan da gaur. Hain zuzen ere, Jakak jakinarazi du ostiralean bertan aurkeztu dutela erregistroan euren proposamena eta, horrekin batera, bigarren egitasmo bat: parte hartze metodologia bat, barrutia Bidebieta eta Altzako herritarrekin batera egitura dezaten.
Udal gobernuak proposatutakoaren arabera, Ekialdeko barrutiak administratiboki existitzen diren bi auzo batuko lituzke: Bidebieta-Mirakruz eta Altza. Barrutiak zortzi auzogune izango lituzke: Altza Gaina. Bidebieta-Gaiztarro, Buenavista-Eskalantegi, Mirakruz-Arrobi, Herrera, Larratxo, Molinao-Lau Haizeta eta Oleta-Harria. Auzo alkatetza, Barrutiko Batzordea eta Barrutiaren Batzarra izango lituzke erakunde gisa. Auzo alkateak Donostiako Udalbatzako zinegotzia izan beharko luke, baita alkateordeak ere. Barrutiko Batzordeak botere exekutiboa izango luke, eta hamasei lagunek osatuko lukete: auzo alkateak, alkateordeak, sei ordezkari politikok eta herritarren zortzi ordezkarik. Ordezkari politikoak Donostiako Udalbatzako kideak edo udal taldeetako afiliatuak izan beharko lirateke, Udalbatzaren proportzionaltasuna oinarri. Lau urtetik behin berrituko lituzkete ordezkari hauek, udal hauteskundeekin batera. Herritarren zortzi ordezkariek barrutian erroldatuta egon beharko lukete, eta boto ematearen bitartez aukeratuko lituzkete. Auzo gune bakoitzean ordezkari bat hautatuko lukete; boto gehien lortuko lukeena, alegia.
Era berean, udal gobernuak barrutiak zein baliabide izango lituzkeen aurreikusi du. Gutxienez, Donostiako aurrekontuaren inbertsio atalaren %3a zuzenduko liokete Ekialdeko barrutiari eta, giza baliabideei dagokienez, interbentore bat, idazkari bat, partaidetza arloko tekniko bat eta administrari bat izendatuko lituzkete. Azpiegiturei dagokienez, honako hauek izango lituzke barrutiak: Altzako udaletxea, Casares eta Tomasene kultur etxeak, Larratxoko kultur etxea eta liburutegia, Altzako eta Bidebietako kiroldegiak, Altza eta Bidebietako gizarte-zerbitzuen zentroak, Kontadores gaztelekua, Bidebietako Haurtxokoa, Bidebietako gaztelekua eta Altzako eta Larratxoko frontoiak.
AxierJakak nabarmendu du proposamena “irekia” dela, “oso gargi baitugu herritarren ekarpenekin osatu beharra dagoela; horregatik, barrutiaren proposamenarekin batera, barrutia bera egituratzeko parte hartze metodologia bat aurkeztu dugu”. Partaidetza zinegotziak azaldu du euren proposamenaren oinarrian herritarren ekarpenak daudela, Altza eta Bidebietako elkarte eta eragileekin bildu baitira hainbat alditan, barrutiaren nondik norakoak zehazteko. Datozen egunetan bilerak egingo dituzte proposamena bera herritarrei bertatik bertara aurkezteko.
Hurrengo pausuei dagokienez, Bilduk Altzako gaia jorratzeko sortutako batzordean aurkeztuko du bere proposamena. Udaleko lau alderdiak ordezkatuta dauden batzorde horretan proposamen bat adostu beharko due, gero udalbatzarrean akordatu eta errealitate bihurtzeko. Prozesu horretan, udal gobernuak herritarren partaidetza «ezinbestekoa» dela berretsi du; hau da, herritarren iritzia eta ekarpenak kontutan hartuko dituztela.