Musika eta Dantza Eskolako kideak Naiara Sampedro eta Juan Karlos Izagirrerekin, eraikin berriaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Datorren ikasturtetik aurrera Musika eta Dantza Eskolak eraikin berri bat izango du, musikarako erabiliko dute bat eta dantzarako bestea. Izan ere, Mikel Mate, eskolako zuzendariak azaldu duenez, eskaintza egokia emateko egungo eraikina txiki geratu zaie. Dantzarako eraikin berria egiten dutenean oraingoa musika jardueretarako bakarrik izango da. Hala, espazioa irabazteaz gain, itxaron zerrendan gelditzen diren herritarren eskaerari ere erantzuteko aukera izango dute.
Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi duenez, kultura udal gobernuaren lehentasunetariko bat da; “kultura motore ekonomiko bat izateaz gain, elkarbizitzarako tresna bat da, hiriari bizia emateko modu bat, eta bide horretan kokatu dugu Dantza eskola berria”.
Blas de Otero plazapean egingo dute Dantza Eskola, Egiako igarobidea berrantolatzearen ondorioz sortuko den plaza berrian. Izagirrek kokalekuaren garrantzia azpimarratu du; “Dantza Eskola egungo egoitzatik 100 metrora egongo da, Tabakalerako sarrera nagusiaren pare parean. Beraz, espazio hori erreferentzia bihurtuko da sortzaileentzat, bizitasunez beteriko kultur gune bat”, esan du alkateak.
Lanak apirilaren hasieran esleituko dituzte, eta uztailean hasiko dira. Bost hilabetean bukatu beharko dituzte eraikuntza lanak, beraz, Izagirrek adierazi duenez, eskola abian izango da 2015eko urtarrilean.
Proiektuak bi fase izango ditu. Lehen fasean eskolekin hasteko beharrezko osagai guztiak egingo dituzte, behin-behineko sarbide bat egokituz, eta bigarren fasean behin betiko sarbidea egingo dute, plaza berria urbanizatzeko lanak amaitzen direnean. Proiektuak 650.000 euroko aurrekontua du.
Euskal dantzak
Naiara Sampedro pozik agertu da proiektu honekin: “Musika eta Dantza Eskolak datorren urtetik aurrera bi egoitza izango ditu, bakoitza irakasgai baterako. Horri esker, ikasle gehiago izateko aukera bermatzeaz gain, beste dantza espezialitate bat ere egongo da, euskal dantzak”.
Euskal dantzak eskaintzearen aukera Musika eta Dantza Eskolaren 2013-2016 Estrategi Planean jaso zuten. Eraikin berriarekin posible izango da aukera hori eskaintzea, beraz, irailetik aurrera eskolako eskaintza berria izango da. Hasieran egungo eraikinean moldatu beharko dute, eta 2015eko urtarriletik aurrera eraikin berrira pasako dira.
Hortaz, Dantza Eskolan dantza klasikoa, dantza garaikidea, eta lehen aldiz euskal dantzak irakatsiko dituzte. Sampedrok adierazi duenez, aukera berri hau emateko irakasle postu bat ere sortuko dute.
Musika eta Dantza Eskolak egun 2.000 ikasle baino gehiago ditu; 1.600 musika ikasleak dira, eta 400 dantza ikasleak. Mikel Mate Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak azaldu duenez, eraikin berriarekin 640 ikasletaraino hel daitezke.
Eskolaren proiektua Naiara Monterok idatzi du, Jon Montero aitarekin batera Tabakalera eraberritzeko lanetan diharduen arkitektoak.