Euskal Herritik joan direnen eta Euskal Herrira iritsi direnen testigantzak bildu dituzte
https://www.youtube.com/watch?v=PEv7vKGZjw4
Multimedia Komunikazioa EHU-EiTB Masterreko ikasleek egungo gazteek bizi duten egoera salatzeko bideo bat prestatu dute.
Bestelako komunikazioa izeneko ikasgai baten harira sortu zen ideia. “Lan bat aurkeztu behar genuen; eta, orokorrean, txosten luzeak egiten dira, baina masterrean teoria nahikoa eman dugu, eta aldatu nahi genuen”, azaldu dio Judith Perez donostiarrak Irutxuloko Hitzari. Unibertsitateko kafetegian zeudela, taldekide batek etorkinei buruzko zerbait egitea proposatu zuen, eta beste batek honela erantzun zion: “Bai, baina gu ere etorkinak gara!”. Horregatik, “pil-pilean” dagoen langabeziaren gaia aukeratu dute, eta Ez daGO besterik izenburupean, gazte euskaldunak eta kanpotarrak elkartzen dituen bideo bat sortu dute. “Gazteok lan bila atzerrira joan behar dugu, atzerritarrak hona etortzen diren bezala. Bideo biral bat izanik, gure helburua gure lana ahalik eta pertsona gehien ikustea da”. Lan aukeren bila etxea utzi eta atzerrira joan behar izan duten zenbait lagunen testigantza jaso dute.
Multimedia Komunikazioa EHU-EiTB Masterreko hamalau ikaslek parte hartu dute proiektuan, bi neska donostiar tartean, eta lana hiru ataletan banatu dute: aurreprodukzioa, produkzioa eta postprodukzioa. Orain, hedatze fasean daude, eta Facebook, Twitter, YouTube eta Instagram sare sozialetan ari dira lanean.
Masterreko eskolak amaitu dituzte, eta ikasle batzuk dagoeneko beste enpresa batzuetan praktikak egiten ari diren arren, proiektua luzatzen ari da eta lortutako erantzuna ikusita, ez dute amaiera datarik finkatu: “Egin bezain laster, horretan geldituko zela pentsatu genuen, baina orain ez dakigu zer gertatuko den”.