Turista talde bat Donostiara iristen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Nazioartekotzea, online sustapena, noranzkoaren kalitatearen hobekuntza,eta 2016ko Europako Kultur hiriburutza lantzea izango dira, besteak beste 2014 Turismo Planaren gakoak. Hala adierazi dute Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zuzendariak eta Manu Narvaez, Donostia Turismoa & Convention Bureauko zuzendariak, gaur goizean egindako agerraldian.
2012-2016 Gida Planean kokatuta dago 2014ko Turismo Plana eta komunikazio, merkaturatze eta prestakuntzako hainbat lan ildo finkatzea du helburu. Horretarako hiru esparrutan jardungo du Donostia Turismoak, aisialdirako turismoa lantzen, biltzarren turismoa sustatzen eta noranzkoaren kudeaketan.
Aisialdirako turismoa
2016ko kultur hiriburutza oinarrian hartuta, turismo lurraldea zabaltzea izango da alor honetan landuko dutena. Izan ere, Donostia 2016 egitasmoaren baitan sortzen diren proiektu asko Gipuzko osoan egiten dira.
Aisialdiko jarduerak beste ekonomia sektore batzuetara ere zabalduko dira, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatuz. Bestalde, Donostia 2016ko jarduerak aprobetxatuz, turisten bisitak urtaro guztietan banatzen saiatuko dira, eta bisitarien nazioartekotzean ere ahalegin berezia egingo du Donostia Turismoak.
Josu Ruiz eta Manu Narvaez. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Kultura izango da beraz, 2014ko Turismo Planaren ardatz nagusia. Zentzu horretan, Manu Narvaezek adierazi duenez, kultur hiriburutzak aukera ona eskainiko dio hiriaren ospeari eta izen onari. Dena dela, 2016arekin loturiko turismoa ez dela kuantitatiboki neurtu behar azpimarratu du Narvaezek; “turismoa epe ertain eta luzera ere landu behar da. 2016an bisitari asko etortzea garrantzitsua da, noski, baina etortzen direnak ondo zaindu eta gustura geratzea garrantzitsuagoa da, haiek izango baitira etorkizuneko bisitarien aholkulari”.
Donostia 2016 egitasmoari begira, orain arte irudia landu dela esan du Narvaezek, eta hemendik aurrera edukiak. Apirilean hasiko dira kultur hiriburutzari begira landuko dituzten jarduera zehatzagoen berri ematen.
Bestalde, bisitarien %60ak internet bidezko erreserbak egiten dituenez, aurten online sustapen kanpaina garrantzitsu bat egingo dute, nazioartean jarriko dutelarik jomuga nagusia. Europako hurbileko merkatuari dagokionez, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Europa iparraldeko herrialdeak (Suedia, Norvegia eta Danimarka) izango dira lehentasunezko merkatuak.
Urrutiko merkatuen artean, berriz, Japonia, Errusia eta AEB/Kanada.
MICE edo biltzarren turismoa
Turismo mota honek garrantzia handia lortu du. Azken bost urteetan 95 milioi euro inguru utzi ditu Donostian, antolaturiko 570 biltzar baino gehiagori esker. 160.000 pertsonak parte hartu dute biltzar horietan.
Beraz, biltzarretarako parte hartzaile kopurua areagotzea eta hautagaitza kopurua areagotzea izango dira 2014rako Donostia Turismoaren erronka nagusiak.
Noranzkoaren kudeaketa
Donostia erreferentziazko norakoa bihur dadin, turimo eragileak ere ondo prestatuta egon behar dutela uste du Narvaezek. Hala, hiria bisitariei harrera egokia egiteko prest egon behar duela uste du, enpresen lehiakortasuna hobetuz eta eskaintzaren kalitatea hobetuz.