Sortzaileen erakusleiho bihurtuko da 2016 Gunea asteburuan
Kontzertuak, ikuskizunak, hitzaldiak eta erakusketak jasoko ditu Katapulta plataformaren lehen erakustaldiak.
Katapulta. Halaxe jarri diote izena donostialdeko sortzaileak batzen dituen plataformari. Duela hiru urte lanean hasi ostean, iaz eratu zuten taldea, eta asteburu honetan egingo dute lehen aurkezpena, jendearengana iristeko asmoz. Sortzaile anitzen erakustaldia izango da asteburukoa, eta Donostia 2016 bulegoaren babesari esker, Easo kaleko 2016 Gunean egingo dute, doan. Hala, kontzertuek, hitzaldiek, ikuskizunek eta erakusketek beteko dituzte larunbata eta igandea. Gaur egin dute kolektiboaren zein programazioaren prentsaurrekoa, 2016 Gunean bertan.
Sortzaileak bilatzea, eta haien lana garatzea eta bultzatzea da Katapultaren lana. Hala, diziplina guztietan diharduten eragileak, erakunde publikoak eta pribatuak harremanetan jartzea da plataformaren oinarria; zailtasunei edo baliabide eskasiei aurre egiteko, guztien bultzadaren bidez. Azken batean, proiektuak ikusarazi nahi dituzte, mundura “katapultatu”, partaideak sare global batean sartuz. Buenawista Prolleckziom’s Musika Elkarteak sustatutako proiektua da Katapulta plataforma. 1988. urtean sortu zuten Buenawista, Buenavista auzoko etxe okupatuan. Profil profesional askotariko musikariek osatu zuten elkartea: arkitekto, zinemagile, argazkilari, ingeniari, ekonomialari, diseinatzaile… eta orain, euskal kulturgintzaren gabeziez eta euren proiektuak aurrera ateratzeko dituzten zailtasunez jabetuta, beharrezkotzat jo dute plataforma bat sortzea. Gainera, Katapultak Eusko Jaurlaritzaren Sormen Fabrikak programaren laguntza jaso dute.
Inguruko baliabideak identifikatzea eta horiek eskuratzeko erraztasunak ematea du helburu plataformak, sortzaileek zailtasunak izaten baitituzte baliabide horietako asko eskuratzeko. Katapultako Alvaro Turrionek azaldu duenez, musikaren negozioak “krak” egin duen unetik, sormenarekin eta talentuarekin zerikusirik ez duten eginkizunetan xahutu behar izaten dute indarra musikariek. “Lehen musikaren industriak egiten zituen lanak egin behar ditugu: teknikari lanak, bideoak editatu, birak antolatu… Beraz, kudeaketa lanetan denboraren %80 uzten dugu, eta benetan musikan, gainontzeko %20 bakarrik. Katapultari esker, perfil desberdinetako pertsonak elkarren artean lotzen ditugu, euren artean lagundu daitezen”, azaldu du Turrionek.
Donostia 2016k, bere aldetik, artista guzti horien lana ikustaraztea lortuko du. Izan ere, asteburuan 2016 Gunea Katapultaren erakusleiho bihurtuko da. “Euren helburuekin bat egiten dugu, eta espazioaren bidez, gizartearengana iristeko zubia utziko diegu artistei. Asteburu honetako programazioa oso aukera ona izango da hiriko talentuaren berri izateko”, azaldu du Donostia 2016ko Iker Tolosak. Katapultako Imanol Goñezen hitzetan, sortzaileek abaniko zabala osatzen dute: arkitektoak, antzezleak, dantzariak, eskulturgileak, musikariak… “Sortzaileek egiten ari direna erakusteko aukera izango dute, eta ikusleek sortzaile bakoitzaren pilula bana jasoko dute”, gehitu du Goñezek. Gainera, asteburuko egitarauaren barnean, haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte, hala, gurasoek ez dute ez joateko aitzakiarik izango. Zehazki, 5 urtetik gorako haurrentzako tailerrak antolatu dituzte, 10:00etatik 11:30era eta 11:30etik 13:00etara; eta informazio gehiagorako info@katapulta.org posta elektronikora idatz daiteke.
Edorta Subijana arkitekto donostiarra Katapulta taldeko kidea da, eta asteburuko jardueretan parte hartuko du. Donostiako argazkiekin egin dituen muntaiak ikusgai jarriko dituzte, eta hitzaldi bat ere emango du. “Katapultarekin izan dudan harremana nahiko berezia izan da, gertukoa hasieratik. Beraien lehen galdera izan zen ea nik zer behar nuen, horrela, bakoitzaren beharrei erantzuna ematen diete. Ematen duten oinarria eta ikusgarritasuna oso garrantzitsuak dira, eta beste sortzaile batzuekin harremanetan jartzen zaituzte”, aipatu du harro Subijanak.
Momentuz, 20 sortzailek eta zortzi musika banda profesional edo semi profesionalek osatzen dute Katapulta, baina handitzen jarraitzeko asmoa dute, eta Gipuzkoa osoko eta Euskal Herriko sortzaileengana iritsi nahi dute.
ASTEBURUKO EGITARAUA:
Martxoak 29, larunbata
- 11.00. Ikerne Gimenez (Eszenografia). Hitzaldia, De la idea ala imagen: procesos.
- 11.40. Gorka Urra (Luthier). Hitzaldia: La experiencia como constructor de instrumentos.
- 12.20.Maria Alonso (interpretazioa, dantza). Aurkezpena: 2 Experiencia Traduccion-Interpretacion.
- 13.00. Ana Minguez (Lindy Hop Donostia). Dantza: Charleston.
- 13.00. Ebi Soria (Performance). Aurkezpena: Shidomass Show
- 13.20. Ana Minguez (Lindy Hop Donostia). Aurkezpena: Clase de baile.
- 17.00. Katapulta Proiekzioak. Chuneta (arte plastikoak), Aitor Ruiz de Eguino (eskultorea) Sofie Dubs (performance, dantza) El Conccertino eta Ainhoa Agirre (antzerkia).
- 17.40. Anakrusa (Antzerkia – Dantza). Hitzaldia: Creando Anakrusa.
- 18.20. Kristonkino (Zinema). Aurkezpena: Indomito Mogambo.
- 18.40. Musikagela (Stringedwood folk kolektiboa). Luke Armstrong, Tristan Crowley eta Jan Fol.
- 19.00. Kontzertua: Stringedwood (Tristan Crowley , Charles George Atkey , Indigo) + Cadaver Exquisito artista plastikoak (Abel Barcenilla Yanguas, Maritxu Intxausti Leizaola eta Nerea Urdangarin Zumeta).
- 20.00. Benedeta Orsoli eta Alejandra Torrado (Moda diseinua). Aurkezpena: Creative Outfits.
- 20.40. Amaia Nabaskues, Maite Zabaleta Nerecan (Norabidea kolektiboa). Aurkezpena: Ivy Sullivan.
- 21.00. Zo Zongo! perkusio taldea (Musika, Performance). Ikuskizuna: Psycho Clown.
- 11.00. Espacio Reflex (Sormenaren gunea). Hitzaldia eta proiekzioa: Algunos. Ekoizlea: La cornisa que cae. Alejandro Garmendia, Asier Laspiur, Roman, Diego Vasallo, Carlos Inda, Alfredo Bikondoa.
- 13.00. Edorta Subijana (Arkitektoa). Hitzaldia: Playing B Sites Hiriaren B-aldeekin jolasean.
- 17.00h Koldo Almandoz (Ikusentzunezko sortzailea). Aurkezpena: Zineborroak/Bocetos de cine.
- 17.40. Alberto Canet Muga (Tenorea). Emanaldi lirikoa, Arkaitz Mendoza pianistaren laguntzarekin.
- 18.20. Kontzertua: Stringedwood Musika Elkartea (Folk kolektiboa) + Cadaver Exquisito, honako artista plastikoen eskutik: Tristan Crowley , Charles George Atkey , Indigo + Abel Barcenilla Yanguas, Maritxu Intxausti Leizaola eta Nerea Urdangarin Zumeta.
- 19.20. Jaime de Los Rios (Bideoartea, Proiekzioak). Aurkezpena: Un-Walls #1. Hitzaldia: Systemic Art-ARte y Ciencia en la Creacion.
- 20.00. Kolectivo Mostrenko (Antzerkia). Aurkezpena: Antonio Remachado.