Gaixotasun arraroen aldeko Kirol Talde Solidarioa sortu dute
Irrien Lagunak eta Gipuzkoa Solidarioarekin elkarlanean, Gure Nahia Elkartasunak bultzatutako ekimena da.
Gure Nahia Elkartasuna Gipuzkoako gaixotasun arraroak dituzten haurren aldeko elkartea da, eta bi urte darama martxan. Heziketa eta ikerketa sistema bideragarri bat errazteaz gain, babesa behar izaten duen pertsonei laguntza eta informazioa eskaintzeaz arduratzen da. Gaur, Doctor Camino liburutegian egin duten prentsaurrekoan, gaixotasun inguruen alde beste elkarteek egindako lana eskertu nahi izan dute, eta Gure Nahia Kirol Talde Solidarioa proiektuaren berri ere eman dute.
Iñigo Guirado elkartearen bozeramailea Gure Nahia Elkartasuna sortu aurretik egindako lanaz mintzatu da eta egun, zuzenean edo zeharka, gaixotasun arraroen alde lan egiten dutenei eskerrak eman dizkie: “ONGI Euskadi, Real Sociedad, Pausoka, Gipuzkoa Basket, Irrien Lagunak, Gipuzkoa Solidarioa… Gu ez ginen ezer izango horiek guztiak gabe, eskerrik asko”.
Bestalde, Oihana Kortazar kirolariaren eta Irrien Laguneko Ane Pirataren laguntzarekin, sortu berri duten proiektua aurkeztu dute. “Kirola eginez, gauza asko egin daitezke; altxatzen laguntzen digu eta gaixotasunen aurka borrokatzen”, azaldu du Guiradok. Horregatik, eta kirola hizpide hartuta, Kirol Talde Solidarioa sortu dute: “Xarmadun ideia da, berritzailea. Ez da betiko kirol taldea, norbanakoz osatutakoa da, eta guztiek helburu bera dugu: gaixotasun arraroak dituzten haur eta familiak laguntzea eta gizartea kontzientziatzea”, azpiamarratu du Gipuzkoa Solidarioko Garbiñe Etxezarretak. Horrenbestez, elastikoak elkartearen laguntzaile diren dendetan salgai jarri dituzte. 10 euroren truke, Eureka! Zientzia Museoan eta Bretxa merkataritza guneko Bebe2 dendan eskuratu daitezke.