Ia 125.000 euro bideratuko dituzte ikastetxe eta hezkuntza elkarteei laguntzeko
Diru laguntza hauek ikastetxe publiko eta hitzartutakoei zuzentzen zaizkie, eta baita guraso elkarteei ere. Haur Hezkuntzatik hasi eta, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak dituzten ikastetxeak dira batez ere onuradunak.
Tokiko Gobernu Batzordeak ostiral honetan onartuko du diru partida hau, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean oinarriak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egin ahal izango dira eskaerak, hilabeteko epean.
Guztira 124.800 euro bideratuko dituzte aurten. Iaz, 51 elkarte edo ikastetxetako 63 proiektuk jaso zuten diru laguntza mota hau. Naiara Sampedro, Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, “Udalak hezkuntzaren alorrean eskuduntzarik ez badu ere, oso garrantzitsua da alor horretan egiten diren programa eta proiektuak babestea, eta horregatik eutsiko diogu aurten ere partidari murrizketarik gabe”.
Ikasturte honetan egin diren edo egingo diren programa eta egitasmoentzako eska daiteke diru laguntza, honako gaiek izango dutelarik jasotzeko aukera:
-Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren programak.
-Hezkuntza biltzar eta jardunaldiak edo ikastaro eta topaketa pedagogikoen antolaketak.
-Liburutegi-mediatekak eta eskola-liburutegiak hobetzeko programak.
-Esperientzia berritzaileak bultzatzen dituzten proiektuak.
-Eskola trukaketarako proiektuak.
-Haur Eskola publikoetako sukalde/jangela zerbitzuak.
Sampedrok esan duenez, hezkuntzaren alorrean sustatzen diren esperientzia berritzaileak gero eta gehiago hartzen dira aintzat. “Hiriko ikastetxe batzuetan ahalegin berezia egiten ari dira lan ildo berriak garatzeko, lan egiteko modu berriak lantzeko, eta ahalegin hori diruz laguntzearekin batera, euren lana ere aitortzen dugu, esperientzia berritzaile hauek zaharkituak dauden mekanismoak ordezkatuko baitituzte”.