Lurraldebusek Dbusi sortutako galerengatik gehienez 650.000 euro ordainduko dizkio Foru Aldundiak Udalari
Autobus zerbitzuaren inguruko konpentsazio hitzarmena sinatu dute Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak. Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak eta Larraitz Ugarte, Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak eman dute bi erakundeen arteko hitzarmenaren berri gaur goizean. Lurraldebusek hiri barruko garraioak egiten ditu hainbat lineatan. Bezero horiek Dbusi dagozkionez Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalari konpentsazio bat ordainduko dio eragindako diru galerarengatik.
Gipuzkoako Garraio Agintaritzak bataz-besteko tarifa bat kalkulatuko du erabiltzaile kopurua aztertuz. Emaitzaren %80a izango da Aldundiak ordainduko diona Donostiako Udalari. Hau da, Lurraldebusek berez Dbusenak liratekeen bezeroekin irabaziko lukeenaren %80a. Gehienez 650 mila euro ordainduko ditu Aldundiak. Urte bukaeran egingo dute ordainketa, orduan jakingo baitute zehatz mehatz zenbat donostiarrek erabili duten Lurraldebus hiri barruko ibilbideak egiteko. Hitzarmenak urtebeteko epea izango du, eta datorren urtean berrikusiko dute.
Zerbitzuaren kalitatea
Bi ordezkariak bat etorri dira garraio publikoaren garrantzia azpimarratzean. “Krisi garaian egon arren, ez dugu murrizketarik egin, areago, garraio zerbitzua hobetzeko adostasun bat lortu dugu, eta bide batez urte luzez irekita egon den auzi bat ixtea lortu dugu”, esan du Juan Karlos Izagirrek.
Larraitz Ugarteren hitzetan, berriz, “herritarrek ez dute erakundeen arteko ika-miken ondorioak pairatu beharrik”. Diputatuak azaldu duenez, Lurraldebus eta Dbusen arteko bikoizketak bi irtenbide zituen. Lurraldebusek hiri barneko zerbitzuak emateari uztea edo galeren konpentsazio bat egitea. “Dudarik gabe, bigarren aukera onetsi dugu, herritarrei zerbitzuak gutxitzea ez baita bidezkoa”, esan du Ugartek.
Donostiako bederatzi lineari eragiten die hitzarmenak. Donostiar askok ohituraz Lurraldebus erabiltzen dutela esan du Ugartek, eta Aieten Hernanitik datorren autobusa edo Antiguan Zarautz edo Tolosatik datorren autobusa hartzen duten herritarren kasua jarri dute adibidetzat.
Mugi txartela
Urtebete igaro da Mugi txartela abian jarri zutenetik; hainbat garriobide txartel bakarrarekin erabiltzeko aukera ematen duen txartela. Dbusek 27.700.000 erabiltzaile ditu, baina milioi bat erabiltzaile galdu ditu azken urtean. Galera hori faktore askok eragin dezaketela argitu du Izagirrek: oinez edo bizikletan mugitzen diren herritarren ugaritzea, krisi garaia, topoaren zerbitzuak hobetzea… Lurraldebus ez da, beraz, Dbusen erabiltzaileak gutxitzearen eragile bakarra.
Dena dela, datu horiek erabiliko dituzte Foru Aldundiak egin beharreko konpentsazioa zehazteko erreferentzia gisa. Gaur lortutako hitzarmenari esker, urte bukaeran erabiltzaileen datu errealak izango dituztela esan du Izagirrek, eta horrek akordioa eta batez ere zenbatekoa zehazten lagunduko omen du.