Giza Eskubideen Zinemaldiaren aurkezpena, Viktoria Eugenia Antzokian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bihar, martxoak 29, jarriko dituzte salgai Viktoria Eugenia Antzokiko saio guztiak ikusteko abonuak. 22 euroan salduko dituzte antzokiko lehiatilan. Sarrerak berriz, emanaldien egunean jarriko dira salgai 4,20 euroren truke.
Apirilaren 4tik 11ra egingo dute Giza Eskubideen Zinemaldiko XII. edizioa. Aurten 28 film luze eta 18 film labur eskainiko dituzte eta baita jaialdiarekin batera antolatu dituzten beste hainbat jarduera ere, erakusketak, hitzaldiak eta kultur etxeetako emanaldiak, esaterako.
Eskaintza oparoa izan arren, giza eskubideen urraketen inguruko gogoeta sorraraztea du zinemaldiak helburu. Zentzu horretan, jaialdia “hiriko harribitxia” dela esan du Juan Karlos Izagirre alkateak. “Giza eskubideen urraketak edonon gertatzen dira; herrialde garatuetan, txiroetan, urruneko herrietan, gure kaleetan; demokrazietan eta diktaduretan. Urraketak dira xenofobia, genero indarkeria, duinak ez diren soldatak ordaintzea, tortura, presoen egoera, memoria historikoa, etxegabetzeak… Giza eskubideen urraketa horien guztien aurrean ezin dugu isilik geratu, eta kasu honetan zinema da jendarteari hausnartzeko aukera emango diona”, esan du Izagirrek.
Gaien aniztasuna eta ekoizpenen kalitatea azpimarratu ditu Joxemi Beltran, Donostia Kulturako zinema unitateko zuzendariak. Emakumeen presentzia nabarmendu du Beltranek, gora egin baitute genero ikuspegitik landutako lanek eta baita emakume zuzendarien kopuruak ere.
Ateak Zabalduz, okupazioari buruzko lanaren irudi bat. (Argazkia: Donostia Kultura)
Euskarazko produkzioari dagokionez, Juanmi Gutierrezen
Ateak Zabalik, okupa mugimenduaren inguruko filma, eta Ander Iriarteren lana nabarmendu dituzte:
Echevarriatik Etxeberriara. Oiartzun: Indarkeriarekin bizi izan den herri baten kronikak.
Guztira 16 dira sail ofizialean lehiatuko diren filmak, eta beste hainbeste film laburrak. Horiez gain, Europako Zinema Bidean saileko lanak eta kultur etxeetako emanaldiak azpimarratu dituzte. “Aurten ere zinemaldia auzoetara hedatzeko ahalegin berezia egin dugu, eskaintza zabalduz”, esan du Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunak.
Sariak
Robert Guediguian zinemagileak jasoko du aurten
Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari nagusia. Marseillako L’Estaque auzoaren erretratugilea da, eta bertan filmatu ohi ditu bere film gehienak. Langileen bizitzaren kronikaria da, portuko langileena eta egoera ahulenean bizi direnena ere, haiengan ardura handirik erakusten ez duen mundu globalizatuan duintasunez aurrera egiten saiatzen direnena. Armeniarra zuen aita eta alemaniarra ama, eta hogeita hamar urtetik gora daramatza langabezia eta pobreziari, lan ezegonkortasunari, immigrazioari, drogei eta xenofobiari buruzko istorioak munduari kontatzen. Jende xehearen kontakizunak dira, Guediguianek bere filmetan maitasunez eta errespetuz kontatzen dituenak. Beti lantalde berarekin lan egin ohi du, hau da, Ariane Ascaride emazte eta aktorearekin eta Jean-Pierre Darroussin edo Gerard Meylan aktoreekin. Bere lanen artean aipagarrienak,
Marius et Jeannette (1997),
À l’attaque! (2000),
La ville est tranquille (2000),
Marie-Jo et ses deux amours (2002) edo
Les neiges du Kilimandjaro (2011).
Sari nagusiaz gain, Film Luze Onenari Ikusleen Saria, Film Labur Onenari Gazteriaren Saria eta Amnesty International Saria ere emango dituzte.
Emanaldien osagarriak
Gai batzuetan gehiago sakontzeko aukera ere eskainiko dute, 19:00etako saioaren ondoren solasaldiak egingo baitituzte hainbat gairen inguruan hausnartzeko.
Hiriko ikastetxeetako haur eta gazteek, berriz, goizeko saioetara joateko aukera izango dute. Aurten
Lucius Dumben berebiziko bidaia (Maite Ruiz de Austri; Espainia, 2013) eta
Tormeseko itsumutila (Juanba Berasategi, Euskal Herria, 2013) filmak eskainiko dituzte.