Hondakinen Bilguneak edukiontzi berdera edozer botatzen dela erakutsi du Amaran
Bretxan. Gaurkoan Amara aukeratu dute, eta Bretxan egin zuten bezalaxe, edukiontzi berde bat ireki eta bertako hondakinak atera dituzte. Denetarik aurkitu dute, baita loreontziak ere, beren lore eta guzti. Kalearen erdian aritu dira zabor poltsak ireki eta hondakinak egoki sailkatzen. Edukiontzi berdeetara ezin dela edozer gauza bota erakutsi nahi izan dute modu ikusgarri honetan; edukiontzi berdeetara errefusa soilik bota behar da.
Donostiako Hondakinen Bilguneko Idurre Zugazagastiren esanetan, Amara aukeratu dute oraingoan, dagoeneko badutelako edukiontzi marroia bertan, baina erabiltzen ez duten herritarrek ere hondakinak egoki kudeatzearen beharraz kontzientzia hartzea nahi dutelako. Pixkanaka hiriko auzo guztietan egingo dituzte antzeko jarduerak.
Izan ere, gaurkoa hondakinak gaizki kudeatzen direla frogatzeko erakustaldi bat besterik ez da izan. Hondakinak egoki sailkatzea ez da haien eginbeharra, herritar guztiena baizik. Bilguneko kideen arabera, etxe bakoitzean norberak bereizi, banatu eta sailkatu behar ditu sortzen dituen hondakinak, “birziklatzea herritarron eskubidea eta betebeharra” delako. Euren ustez, udalak edozer bota daitekeen edukiontzi berdeak mugatu edo kendu beharko lituzte, “borondatezko hautua nahitaezko ohitura bihurtu arte”.
Hondakinen Bilguneko kideek jakinarazi dutenez, Donostiako Udalarekin bilera bat hitzartzea lortu dute, horixe baitzen euren eskaeretako bat. Izan ere, zero zabor hiria bilakatzeko denen konpromisoa ezinbestekoa dela uste dute.
Azaroan sortu zuten Donostiako Hondakinen Bilgunea. Hainbat auzo elkarte eta hondakinen arloko zenbait eragile elkartu dira, Donostia zero zabor hiria bilakatzeko helburuarekin. Hondakinen kudeaketa arduratsu eta integralaren aldeko apustua egiten dute.
Otsailean egin zuen bilguneak bere lehen agerraldia