Aitor Etxeberria donostiarra izan da Berdebidea lasterketa iraunkorreko garailea
http://youtu.be/Snr50hEQghI
Goizeko bederatzi eta erdiak aldera Kontxa ingurua korrikalariz betetzen joan da apurka apurka. Ordu aldaketagatik edo, hiria pixkanaka esnatzen ari zen bitartean kirolari goiztiarrenak luzaketak egiten hasi dira. Zaila izan da atzematea nor zebilen goizeko 10:00etarako zain, eta nor nagiak atera ezinik; dortsala lasterkarien salatari. Izan ere, kirol-jarduera gehienetan ohikoa da musika ozena izatea ekitaldiaren adierazgarri, baina gaurkoan isiltasuna, edo hobeto esanda, arnasestua eta oinkaden erritmo hotsa izan dira nagusi.
Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Atletikok gaur ospatu dute hirugarren urtez Berdebidea, hiriko lasterketa iraunkorra. Goizeko 10:00etan abiatu dira Kontxako pasealekuko Vinuesa plazatik. Kirola sustatzeaz gain, ingurumenarekiko errespetua eta herritarren jarrera arduratsua sustatzea dira lasterketa honen helburuak. Hala, lasterketan behar diren material guztiak, txipak, edalontziak, dortsala… osagai berriztagarriekin eginikoak dira. Iturriko ura eta garaiko fruta banatu dute parte hartzaile guztien artean, eta sortutako hondakinak botatzeko edukiontzi egokiak jarri dituzte ibilbidean zehar.
Ingurumena duenez oinarri, ibilbidea ere hartara egokitu dute. 6,7 kilometro izan ditu guztira, eta Urumea ibai ertzetik edo Egiako parketik igaro dira parte hartzaileak. Naturako berezko soinuak eta ikusleen txaloak entzutea dela helburua esan du Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendari eta lasterketaren antolatzaileak. Pozik agertu da Hernandez herritarren erantzunarekin, eta lasterketa arduratsuak eta iraunkorrak egitea ez dela hain zaila nabarmendu du.
Sailkapena
428 parte hartzaile izan dira aurtengoan, eta horietatik azkarrena Aitor Etxeberria donostiarra izan da, 20 minutu eta 47 segunduko denborarekin. Jarraian iritsi dira Roberto Carlos Trejo burlatarra (21 minutu 01 segundu) eta Raul Gomez lasartearra (21 minutu eta 03 segundu).
Emakumeen artean, Lourdes Colomo zizurkildarra izan da azkarrena, 25 minutu eta 27 segunduko denborarekin. Eta atzetik izan ditu Errenteriako Susana Ruiz (26 minutu 05 segundu) eta Murtxanteko Raquel Ullate (27 minutu eta 39 segundu).
Lehen hiru donostiarrak Aitor Etxeberria (20 minutu 47 segundu), Imanol Gonzalez (21 minutu 58 segundu) eta Marco Rodrigo (22 minutu eta 16 segundu) izan dira gizonen artean. Lehen hiru emakume donostiarrak, berriz, Maria Iturrioz (27 minutu 51 segundu), Marta Badiola (29 minutu 23 segundu) eta Sara Garcia (30 minutu 07 segundu) izan dira.
Antolatzaileen arabera, parte hartzaileen ia erdia emakumezkoak izan dira aurten. Sailkapen osoa Kirolprobak.com webgunean ikus daiteke.