Apirila Dantzaren Hilabetea izango da aurten ere
Kontxako barandako barra klasiko erakustaldiak ez du hutsik egingo, hilaren 13an.
Dantza modernoaren aitzindaritzat jotzen dute adituek Jean-Georges Noverre (1727-1810), koreografo frantziarra. Zehazki, 1727ko apirilaren 29an jaio zen, eta 1982tik, UNESCOk hala erabakita, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da urtero egun horretan. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea 1996an hasi zen Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat egiten, eta ondorioz, hainbat jarduera antolatzen ditu apirilean, Dantzaren Hilabete izendatuz. Aurtengo egitarauaren berri eman dute dantza elkarteko Merche Filgueirak eta Marta Ortegak, gaur goizean. Urtero legez, Kontxako barandan haur eta helduek egiten duten barra klasikoaren erakustaldia jarduerarik arrakastatsuena izatea espero dute; apirilaren 13an egingo dute. Bestetik, XII. Dantza Sariak apirilaren 27an banatuko dituzte, baina oraindik ez dute argitu zeintzuk izango diren sarituak.
DANTZAREN HILABETEA, EGITARAUA.
- Apirilak 6 (12:00). Dantza eskolen erakustaldia, Andoaingo Bastero kultur gunean. Gipuzkoako akademiek urteko beren lanaren zatirik onena eskainiko digute. Guzira, 23 lan eskainiko dituzte. Egitaraua anitza eta ugaria izango da, ballet klasikoenetik joerarik modernoenetara.
- Apirilak 12 (17:30). Dantza kalean jarduera, Alderdi Ederren. Bertan, jazz, funky, hip-hop, eta dantza garaikideak lantzen dituzten koreografiak eskainiko dituzte Elkarteko ikasleek. Guztira, 220 dantzarik parte hartuko dute eta 17 koreografia eskainiko dituzte.
- Apirilak 13 (12:00 eta 12:45). Barra klasikoaren erakustaldia, Kontxako barandan. Lehen aldiz 1997an bihurtu zuten Kontxako baranda dantzarako barra, “Dantzaren Hilabeteko” ospakizunik jendetsuena eta saihestezina bihurtu da. Barra txikian 707 dantzarik parte hartuko dute, eta helduen barran, berriz, 540 dantzarik. Guztira, 1247 dantzari bilduko ditu jarduerak.
- Apirilaren 22tik 26ra. Udaberriko dantza ikastaroak, Errenteria-Oreretako Niessen gunean. Dantza klasikoa, jazz dantza eta flamenkoa landuko dituzte ikasleek.
- Apirilak 26 (17:00). XII. Dantza Sariak, Donostiako Udalaren udalbatza aretoan. Oraindik ez dute zehaztu sarituak zeintzuk izango diren.
- Apirilak 27 (19:30). Dantzaren Nazioarteko Egunaren XVIII. Gala, Viktoria Eugenia Antzokian. Dantzaren Hilabeteari bukaera emateko, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak antolatzen du gala, Donostia Kulturaren laguntzarekin. Sarrerak antzokiko leihatilan eros daitezke, baita Kutxasarrerak atarian ere.