Iaz 86 grabaketa egin zituzten Donostian
http://youtu.be/bAlwiReMAtQ
Film Commission-ek kudeatutako grabaketek 7 milioi euroko irabaziak eragin zituzten iaz. Emaitza horietatik hirian inbertutako gehiena gastronomian, ostalaritzan eta teknikarien kontratazioan inbertitu zuten.
Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez, “filmatzeen bidez jarduera ekonomikoa sortzen da hirian. Zuzeneko inbertsioak bertan eragina izateaz gain, hirira lanera jende asko etortzen baita. Gainera, grabaketei esker hiriaren sustapena eta irudia zabaltzea ere lortzen da”.
Bataz beste hilean zazpi proiekturen filmaketak egin ziren iaz, gehienak apirilean eta uztailean; guztira 86 grabaketa.
Zinemarako hiru film luze eta bederatzi film labur filmatu ziren. Horien artean aipatzekoak, Fernando Francoren La Herida edo Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak filma, aurten estreinatuko dena. Horiez gain, bertako eta kanpoko telebista kateetarako hainbat programa, sukaldaritza saioak, eta beste hainbat iragarki ere grabatu dituzte.
Film Commissionekin lan egin duten ekoiztetxe gehienak Euskal Herrikoak izan dira, baina baita Madril eta Bartzelonakoak ere. Atzerrikoen artean, Erresuma Batua, AEB, Kolonbia eta Japoniakoak izan dira nagusi.
Hiria filmaketen platoa
Filatzeak sustatzeko Film Commissionek hainbat jarduera antolatu ditu, Film In San Sebastian lehiaketaren lehen edizioa adibidez. Hogeita bi film laburrek hartu zuten parte lehiaketan. Mikel Yarzaren Donostia Through Mirror bideoak eskuratu zuen 900 euroko saria. Publikoaren 300 euroko saria, berriz, Imanol Truebaren Surfing the Street bideoarentzat izan zen.
Film Commissionek, 10 urte
Sustapenak 2003an jarri zuen abian Film Commission. Hirian filmatzeak egitea sustatu nahi zuten, eta horretarako, produkzio-gastuen gaineko deskontuak eta aholkularitza zerbitzua eskaini zituzten.
Hamar urte hauetan 46 milioi eurotik gorako inbertsioa egin dute. 1.265 filmaketa egin dira, eta ekoizpen horiek 1.974 pertsonentzako lana sortu dute. Hirian zuzenean utzitako inbertsioa ia 14 milioi eurokoa izan da.
Eusken Sese, Sustapeneko zuzendariaren arabera, “Film Commission hiriko ekonomia eta enplegua sustatzeko eginkizunaren barruan kokatzen da”.