Mikel Laboarentzat izango da Adarra Saria
Marisol Bastida musikari donostiarraren alargunak jasoko du saria, ekainaren 21ean, Viktoria Eugenia Antzokian; noski, musika izango da protagonista nagusia.
Adarra Sariak badu sariduna, Mikel Laboa. Donostia Kulturak saria sortu berri du, eta duela bost urte hil zen musikari donostiarra izango da lehen omendua. Zehazki, martxoa hasieran iragarri zuen Donostia Kulturak Adarra Saria sortu zuela, euskal musikari oparoenen ibilbidea saritzeko; gaur, berriz, lehen saritua Laboa izango dela argitu dute. Marisol Bastida Laboaren alargunak jasoko du saria, ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunarekin bat eginez. Viktoria Eugenia Antzokian egingo dute sari ematea, eta musikak ez du hutsik egingo. Batetik, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero musikariek Laboaren abestiak interpretatuko dituzte, Ainara Ortega abeslariarekin batera, eta gainera, Kukai dantza taldeak ere parte hartuko du; ondoren, Delorean taldeak ere Laboaren musika gogora ekarriko du. Emanaldi bakoitzak 40 minutu inguruko iraupena izango du. Laboa bizirik egongo balitz, ekainaren 15ean 80 urte beteko lituzke.
“Euskal musika garaikidearen artista gorena” moduan definitu du Laboa Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak. “Musikari poeta eta poeta musikaria” zela esan du , eta maiz gazteekin lan egiten zuela. “Herriak bere egin zituen haren kantuak”, gehitu du Txapartegik. Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero urte askoan aritu ziren Laboaren ondoan eszenatokietan, eta maitasunez oroitu dute gaurkoan ere. “Mito bihurtu da, dagoeneko bizirik zegoela ere pixka bat bazen”, aipatu du Salvadorrek.
Marijose Rekalde artista nafarrak sortu duen eskultura bat izango da Adarra Saria. Brontzezko hiru barnizaldi desberdinek osatuko dute garaikurra; oinarria batetik, adarra jotzen ari den pertsona bestetik, eta kimua. Datozen urteetan ere saria banatzeko asmoa dute.