Txomineko hirigintza proiektuak baldintzatu ditu auzotarrek egindako lehen ekarpenak
lehen fasea amaitu da. Alkatea bera, udal gobernuko ordezkariak eta teknikariak auzoz auzo joan dira 2012an hartutako konpromisoak zertan diren eta zenbateraino bete diren azaltzeko herritarrei. Bigarren faseari, berriz, gaur bertan ekin diote; kasu honetan, egindakoaren berri emateko baino, ekarpen berriak jasotzeko helburuarekin. Datorren maiatzaren 29a bitartean hogeita bederatzi bilera egingo dituzte orotara; auzo bakoitzean bi bilera, hain justu. Horietako lehena Txomin Enean egin dute gaur arratsaldean.
Auzotarrak eta udal teknikariak izan dira Txomineko Haur Txokoan, udal gobernuko zinegotzien eta alkatearen presentziarik gabe. Izan ere, hemendik aurrera auzoetako ekarpenak jasotzeko egingo diren batzarretan auzo elkarteetako kideak izango dira gidariak, udal teknikarien laguntzaz.
Txominen kasuan, auzoko hirigintza proiektuak baldintzatu ditu auzotarrek egindako ekarpenak. Hain zuzen ere, bizilagunek nabarmendu dute Txomin urbanizatu arte hainbat gauza ezingo dituztela proposatu; auzoa ekonomikoki aktibatu dezaketen ekarpenak, kasu. Hala ere, proposamen interesgarriak egin dituzte; hirigintza proiektuarekin lotuta, hori bai.
Bizilagunen lehentasunen artean, auzoaren birsortze egitasmoari amaiera eman diezaioten eskaera dago; hau da, jarraipena emateaz gain, aurreikusitako guztia azken bururaino gauzatu dezaten. Era berean, lanek iraun bitartean zenbait espazio zaindu edo egokitu ditzaten eskatu dute. Honen harira, proposamen zehatz bat egin dute: eraitsitako zenbait gune txukuntzea, eraiki arte erabili gabe gera ez daitezen. Eremu horiek aparkaleku gisa erabiltzea proposatu dute, adibidez.
Artelekuri buruz ere hitz egin dute, nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena izan. Eraikina auzoak aisialdirako behar duen ekipamendua bilakatu daitekeela esan dute, eta horretarako ez eraistea proposatu dute, Txomineko proiektua azken bururaino gauzatu ezean, auzoak espazio bat ziurtatuta eduki dezan. Artelekuren ondoko zuhaiztia ere erabiltzea proposatu dute, aisi gune gisa.
Ekarpenen artean auzoko langabeei zuzendutako batek piztu du ikusmin gehien bertaratutakoen artean. Txomineko hirigintza proiektua bertatik bertara pairatzen ari direnak bizilagunak eurak direnez, obrak egiteko langileak bilatzeko orduan, auzotarrek lanpostua eskuratzeko lehentasuna izatea proposatu dute. Enpresek inor kontratatzeko obligaziorik ez dutela onartu dute, baina udalari proposamen hori aurrera eramateko laguntza eskatu diote. Horrekin konforme ez, eta bileran bertan ideia horren inguruan lan egingo duen batzorde bat sortzea erabaki dute; hiru pertsonek lanean jartzeko prestutasuna erakutsi dute. Hori dela-eta, proposamen gisa, udalari eskatu diote auzoan egituratuko duten batzordearekin bildu dadila, bizilagunekin batera neurriak zehazteko helburuarekin.
Gaurko bilerak eman duena ikusita, udal teknikariek Txominen bigarren batzar bat ez dutela egingo jakinarazi dute, lehentasunak finkatzeko lana gaur bertan egin dutelako. Auzo bakoitzak gehienez hamabost lehentasun adostu beharko ditu; Txominen ez dute arazorik izan lehentasunak aukeratzeko, kopuru horretara ez baitira iritsi.
Gainontzeko auzoetako bileren egutegia honako hau da:
-Apirilak 2: Bidebieta
-Apirilak 3: Añorga
-Apirilak 9: Bidebieta
-Apirilak 10: Añorga
-Maiatzak 12: Parte Zaharra eta Antigua-Ibaeta
-Maiatzak 13: Altza eta Loiola
-Maiatzak 14: Gros-Ulia eta Martutene
-Maiatzak 15: Loiolako Erribera eta Aiete
-Maiatzak 19: Antigua eta Amara Berri
-Maiatzak 20: Altza eta Egia
-Maiatzak 21: Martutene eta Amara-Morlans
-Maiatzak 22: Loiolako Erribera eta Intxaurrondo
-Maiatzak 26: Gros-Ulia eta Amara Berri
-Maiatzak 27: Aiete eta Egia
-Maiatzak 28: Loiola eta Intxaurrondo
-Maiatzak 29: Parte Zaharra eta Amara-Morlans
Auzo eta Herriak Donostia Indartzen parte hartze prozesuaren