Udalak 1,3 milioi euroko irabaziak izan ditu 2013. urtean
2013ko aurrekontuaren kitapenaren balorazioa egin du gaur Javi Vitori, udal gobernuko Ogasun arduradunak. “Udaleko diru kontuak arduraz kudeatu ditugu, eta emaitza onak lortu ditugu. Udal gobernuaren irizpideei jarraituz, sortutako etekin guztiak gastatu ditugu, baina ez besterik; etorkizunari begiratu behar zaio, ez dugu Udala hipotekatuko, beraz, lehentasunak zorrotz zehaztu behar izan ditugu. Premia badago, baina diru sarreren araberakoak izan dira inbertsioak”.
2013ko aurrekontua 319,5 milioikoa izan da. Vitoriak emandako datuen arabera, sarrera eta gastuen betetze maila altua izan da. Gastuari dagokionez, 304,3 milioi gastatu dituzte. Horietatik, 276 milioi iaz ordainduak daude, eta beste 28 milioi aurten bideratuko dituzte, oraindik amaitu gabeko izapideak baitira. Guztira, beraz, gastuen %95,2ko betetze maila lortu zuten iaz.
Gastatu gabe beraz, 15,2 milioi euro geratu dira. Horietatik 10 milio euro 2014ko aurrekontuari gehituko zaizkio. Javi Vitoriak adierazi duenez, “ez gastatzeak ez du esan nahi zerbitzuak eskaini gabe geratu direnik; hainbat egitasmo atzeratu egin dira diru sarrerak ziurtatu arte”. Loiola eta Añorgako etorbidea oinezkoentzako egokitzea eta zoruak asfaltatzea jarri ditu adibidetzat.
Sarreren betetze maila, berriz, %96,87 eurokoa izan da; 309,5 milioi euro. Ez dituzte aurreikusitako diru-sarrera guztiak lortu.
Ogasun arduradunak adierazi duenez, Udalak 1,3 milioi euroko soberakinarekin amaitu zuen urtea iaz. “Diru hori herritarren beharrak asetzeko erabiliko dugu, soberakinak ez baitira aurrezteko, hirian inbertitzeko baizik, premia badago eta”. Hala ere, arduraz jokatu dutela adierazi du Vitoriak, “sarrerak jaso diren heinean gastatuz”. Diru sarrerak eta gastuak orekatzea dela helburua gaineratu du Vitoriak, eta 2013ko emaitza positiboek 2014ari aurre egiten lagunduko omen dute.
Udalak adierazle ekonomiko guztiak hobetu dituela adierazi du Vitoriak. Aurrezkia 8,3 milioikoa izan da, eta zorra, berriz, 5,8 milioi euroan jaitsi da. Udal kontuak ondo daudela esan du Ogasun arduradunak, “diru-sarrerak gastuak baina handiagoak dira, eta iraunkorrak gainera”.
2014ko aurrekontua
Martxoan onartu zuten 2014ko aurrekontua EAJ eta Bilduren adostasunarekin. Zuzenketak egiteko epea larunbatean amaitu zen eta Vitoriak adierazi duenez, ez da zuzenketarik aurkeztu, beraz atzotik indarrean da aurtengo aurrekontua.