Itziar Nogeras: "Nire dimisioak erakundeek erreakzionatzeko eta akordio politikoa lortzeko balio badu, pozik noa"
asteartean zain edukitzeagatik, eta ondoren prentsaurrekoa bertan behera uzteagatik.
Zuzendari nagusi gisa dimisioa aurkezteko asmo irmoa zuela esan du Nogerasek, baina Patronatuari dion begiruneagatik 24 orduz itxarotea onartu omen zuen, halaxe eskatu baitzioten. “Dena dela, ez nuen espero ordu horiek nire izena eta ospea zikintzeko erabiliko zituztenik”, esan du Nogerasek.
Bere kargua uzteko hiru arrazoi nagusi azaldu ditu Nogerasek. Lehenik, proiektuak “blokeo tekniko” bat bizi duela esan du. Zuzendari kulturalaren soslaia ez dela Donostia 2016ren beharretara egokitzen esan du, eta hori arazo handi bat izan dela esan du proiektua zuzendu duen zazpi hilabeteetan. Hala ere, berak ez omen du Guadalupe Etxeberriaren kargugabetzerik eskatu, zeregin horretarako pertsonarik egokiena ez izan arren.
Oztopoez gain, plan estrategiko bat landu eta programa kulturalaren oinarriak finkatu dituztela esan du Nogerasek, eta Patronatuari barne antolaketarako beste proposamen batzuk ere egin zizkiola adierazi du, kultur programaren koordinatzaile baten beharra, adibidez.
Figura berri hori sortzea adostu zuen Patronatuak asteartean izandako bileran. Nogerasek ez duela bilera horren emaitzarik ezagutzen salatu du; “medioetan argitaratu den oharra besterik ez”.
Zuzendaritza orokorrarekiko konpromiso eta konfiantza falta ere salatu ditu Nogerasek. “Nire izendapenak sortutako polemikaren aurrean sentitu nuen babes faltarekin hasi zen arazoa, eta pasa den asteburuan prentsan informazio pribatua argitaratzean jo du gailurra”, esan du Nogerasek. Kultur programaren aurrerapen bat agertu zen prentsan, eta Nogerasek azaldu duenez, informazio hori Patronatuko kideei bakarrik bidali zitzaien; “informazio hori beharrezkoa zen 2014ko aurrekontuak onartzeko, jendaurrean aurkeztuko zen kultur programa zehazteko oinarri zabal bat zen, baina filtrazioak ondorio larriak eragingo ditu”.
Nogerasen arabera, filtrazioren ondorioz, “sorpresa efektua galdu da, programarentzat prestatutako komunikazio plana hondatu da, eta eragileekin egindako kudeaketa izugarri zaildu da”. Hainbat proiekturen lan pedagokikoa hondatu eta gauzatzea bera ere arriskuan jarri direla gaineratu du, “hiriburutzaren lan taldearen eta eragileen gogoa zapuztu baita”
Azkenik, Donostia 2016ren erabilpen politikoa salatu du Nogerasek. Bere hitzetan, “Donostia 2016 alderdien arteko liskar politikorako erabiltzen dute. Duela bi urte Donostiaren hautagaitza saritzeko epaimahaiak aho bateko babes politiko eta instituzionalarekiko egin zuen balorazio on hartatik ez da, dagoeneko, ezer geratzen”.
Donostia 2016 elkarbizitzarako eszenatoki eredugarri bat izan beharko lukeela uste du Nogerasek, baina gaur egun “medioak mezu negatiboz betetzen dituen jaurtigai bat besterik ez da, eta ondorioz, herritarrek proiektuarekiko duten ilusioa desagertuz doa”.
Beraz, laburbilduz, berehalako konponbiderik ikusten ez dion blokeo teknikoa, proiektuarekiko eta zuzendaritzarekiko konpromiso eta konfiantza eza, eta herritarrak elkartu beharrean banatzen dituen politika partidista dira Itziar Nogerasek dimisioa aurkezteko dituen arrazoiak.
Donostia 2016ren etorkizuna
Kargua utzi arren, Donostia 2016 egitasmoa aurrera ateratzeko “desiorik zintzoena” duela esan du Nogerasek. “Proiektuak erabateko arrakasta izatea nahi dut, baina hori ez da posible izango adostasun politiko eta instituzionala lortzen ez bada, zuzendaritzan nahiz lan talde teknikoan erabateko konfiantzarik jartzen ez bada, eta fundazioaren independentzia bermatzen ez bada”.
Patronatua osatzen duten lau erakundeetatik gutxienez hiruren adostasunez, zuzendari orokor bakar bat izendatu behar luketela uste du Nogerasek. Eta zuzendari nagusi horrek antolatu beharko lukeela lan taldea, egitasmoari gehien komeni zaiona. Horretarako, halaber, zuzendari nagusiak babesa, konfiantza eta bere erabakiak hartzeko eskumena beharko lituzkeela uste du.
Donostia 2016 egitasmoak aurrera egiteko aukera asko dituela uste du Nogerasek, baina horretarako Patronatuak hainbat erabaki garrantzitsu lehenbailehen hartu beharko dituela esan du. Zentzu horretan, gogoeta bat egin du Nogerasek, “nire dimisioak proiektua babesten duten erakundeek erreakzionatzeko eta hain beharrezkoa den, eta neuk hainbestetan eskatu dudan akordio politikoa lortzeko balio badu, pozik noa”.
Adierazpenak bukatu dituenean, txalo artean agurtu dute Nogeras kazetari artean adi zeuden lankideek.
Itziar Nogerasek Donostia 2016 Fundazioaren zuzendari kargua uzteko arrazoiak azaldu ditu gaur prentsaurrean. Hala ere, lehenik eta behin barkamena eskatu die medioei