Mikel Egiguren jaun eta jabe izan da Floridan.
Jai Alairen Fort Pierce zesta punta denboraldian, jaun eta jabe izan da Mikel Egiguren (Aiete, 1977). “Triple Crown” edo “Hiruko Koroa” irabazi du Egigurenek Floridan (AEBak) bi hilabete iraun dituen denboraldian. Most Wins (kiniela gehien irabazi dituena), Banakako Txapelketa (Singles) eta Binaka Aurrelari Onena, hiru titulu horiek eskuratu ditu donostiarrak, eta beraz, Hiruko Koroaren jabe egin da. Erkiaga II.a lekeitiarra izan da atzelari onena, eta Jon Tambourindeguy Bidarteko aurrelariak irabazi du Rookie onenaren titulua (debuta egin dutenen artean onena). 15 pilotari lehiatu dira Fort Piercen (Florida).
Fort Pierce-ko denboraldian, euskal pilotariak, mexikarrak, estatu batuarrak eta frantziarrak izan dira. Guztira 15 pelotari. Fort Pierce-ko denboraldia amaituta, Orlandokoa hasiko da asteburu honetan. Hogei pilotaritik gora lehiatuko dira bertan, Fort Piercen izan diren gazteak tartean. Maiatzaren 9 eta 10ean Citrus txapelketa jokatuko da, eta Egiguren bertan izango da, gauzak ondo, Erkiaga II.arekin bikotea osatuz, Jai Alive enpresa ordezkatzen.