'Piztutako etxea' poesia liburua kaleratu du Felipe Juaristik
Madrilen idatzi ditu poemak, “distantzia” behar baitzuen “ideiak antolatzeko eta hitzak ongi aukeratzeko”.
Kazetaritzan jardun izan du, baina, bereziki, poeta moduan ezaguna da Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957). Argitaratuak ditu hainbat liburu; narrazioa, nobela, haur eta gazte literatura zein poesia. Bere azken poesia liburua 2004an kaleratu zuen, Begi-ikarak; eta gaurkoan, bere poesia lanik berriena aurkeztu du, Piztutako etxea (Erein, 2014). Madrilen idatzi ditu liburua, La casa encendida kultur gunean, hortik izenburua. “Distantzia behar nuen ideiak antolatzeko eta hitzak ongi aukeratzeko. Madrilen libreagoa zara, ez zaitu inork ezagutzen. Hemen geratu izan banintz, ez nuke liburu bera idatziko”, azaldu du idazleak.
Hasiera batean, saiakera bat idaztea zen Juaristiren helburua, baina ezin izan du: “Azaldu nahi nuen zergatik dagoen mundua pozik edo triste, zergatik bultzatzen gaituen desirak suntsitzeraino… “. Poesia idatzi izanagatik, ordea, poztasuna zabaldu nahi izan duela aitortu du. “Poesiaren testuak, hitz poetikoak, alaitasuna behar du izan”, aipatu du idazleak. Hala, poetak tristeziarekin eta arimaz askoz aritzeaz lotzen diren arren, topikoak baino ez direla argitu nahi izan du. “Pozaren aldeko apustua egin dut, pozik dagoenak gehiago trasmititzen du. Arimari buruz aritzen garela ere beste topiko bat da. Gorputza agertzen dut; pozik edo triste bagaude gorputzean, eta batez ere, aurpegian antzematen zaigu”.
Guztira, 20 poemek osatzen dute liburua. “Poema bakoitza koadro bat da, eta koadro bakoitza ikuspegi bat baino gehiagotik begiratua dago”. Hala, ikusten duen errealitatearen sentsazioak eta ikuspegiak islatzen dituela azaldu du Juaristik. “Zenbat eta sentimentalagoa izan, poeta ez da poeta hobea”.
Aldetak musikatua
Txitxo Lopez, Monika Refojos eta Juanra Unamunorekin batera Aldeta taldea osatzen du Felipe Juaristik. Intxaurrondoko bizilagunak dira lauak eta duela gutxi taldea osatzea erabaki zuten. Bi gitarren doinuek eta ahotsek osatzen dute Aldeta. Lopez eta Unamuno dira gitarra-jotzaileak, Refojosek ahotsa jartzen die abestiei, eta Juaristik poemak sortu eta irakurtzen ditu. Juaristiren liburu berriko poesia batzuk musikatu dituzte dagoeneko, eta gaurko aurkezpenean interpretatu dituzte, lauen artean.