Robert Guediguian zinemagilea eta Juan Karlos Izagirre alkatea, Giza Eskubideen Zinemaldiaren Sariaren garaikurrarekin. (Argazkia: Giza Eskubideen Zinemaldia)
Bihar, inaugurazio ekitaldian, jasoko du Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria.
Langileen eskubideak, xenofobia, langabezia eta drogek gizartearengan izan duten eragina izan ditu hizpide, besteak beste. Zinema egiten duen militantetzat du bere burua: “Nire misioaz harro nago. Zinemaren bidez langileak garela gogoratu eta aldarrikatzen dut, nahiz eta egun gorbata eta trajea jantzi”, adierazi du gaur Donostian eman duen prentsaurrekoan. Robert Guediguian zinemagile frantziarrak Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria jasoko du bihar Viktoria Eugenian (19:30), jaialdiaren inaugurazioan. Ustaritz Betelu artista donostiarrak diseinatutako garaikurra jasoko du.
Guediguianek eskubideak defendatzen jarraitzera deitu ditu herritarrak, eztabaida eta borroka beharrezkoak direla adierazi du. Marseillako L’Estaque auzoaren erretratugilea da, eta bertan filmatu ohi ditu bere film gehienak. Langileen bizitzaren kronikaria da, portuko langileena eta egoera ahulenean bizi direnena ere bai, haiengan ardura handirik erakusten ez duen mundu globalizatuan duintasunez aurrera egiten saiatzen direnena.
Marius et Jeannette (1997),
A l’attaque (2000),
La ville est tranquille (2000),
Marie-Jo et ses deux amours (2002) eta
Les neiges du Kilimandjaro (2011) dira bere konpromisoa agerian uzten duten filmeetako batzuk.