Dorothy Arzner zinemagilea.
Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari aritu zen lehenengotariko emakumezkoa izan zen.
Donostiako 62. Zinemaldiko atzera begirakoetako bat Dorothy Arzner (San Frantzisko, Kalifornia, 1897-La Quinta, Kalifornia, 1979) zuzendariari eskainiko diote.
Arzner aitzindaria izan zen emakumeak zinemaren industrian sartzeko lanean, eta bere estilo eta nortasun bereziak ospe handia eman zioten Hollywoodeko estudio-sistemaren barruan. Gai aldetik ekarri zuen aldaketagatik aukeratu dute Zinemaldiko arduradunek, eta omenaldia egin nahi izan diote.
Komedia eta melodrama egin zituen. Hark zuzendutako pelikulak dira, besteak beste,
The Wild Party (1929),
Anybody’s Woman (1930),
Honor Among Lovers (1931),
Nana (1934) eta
First Comes Courage (1943).
Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean lizentziatu eta I. Mundu Gerran anbulantzia-gidari gisa aritu ostean, Arzner kazetaritzaren munduan sartu zen, baina lagun baten bitartez William C. DeMille zuzendaria (Cecil B. DeMille ezagunaren anaia) ezagutu zuenean bere bizitzaren norabidea aldatu egin zen betiko:
filmatze-estudio bat ezagutu ostean, zinema-zuzendari izan nahi zuela erabaki zuen.
Filmen gidoiak transkribatzen hasi zen.
Bere trebeziari eta borondate sendoari esker erantzukizun handiagoko lanak lortzen joan zen: sinopsi idazlea, errodajeko script-a eta, azkenik, muntatzailea. Muntaketa-gelan irabazi zuen Arznerrek hain zuzen osperik handiena Hollywoodeko industriaren barruan.
Ameriketako zuzendarien sindikatuan ere sartu zen 1933an, eta urteetan aritu zen han lanean. Arzner zen sindikatuko partaideetako emakumezko bakarra. Lan oparoa egin zuen zinegileak, baina ahanzturan gelditu zen, harik eta 60ko hamarkadan mugimendu feminista Arznerren lana aldarrikatzen hasi zen arte. Hainbat omenaldi egin zizkioten. 1975ean, berriz, urteetan lan egin zuen sindikatuak omendu zuen.
Arznerren lanek arrastoa utzi zuten.
Estilo bisual landuko film haietan zalantzan jarri zituen garaiko sexu-rolak, baita emakumeak gizartean betetzen zuen zeregina ere, eta Hollywoodko egitura zurrunaren barruan ukitu homosexual ezkutuak sartzea lortu zuen, zenbait kritikariren esanetan.