"Aske Guneak erakutsi zuen jendeak erantzuteko beharra zuela"
Segiko kide izateagatik auzipetutako gazteei elkartasuna adierazteko eta babesa emateko gune gisa sortu zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak epaia kaleratu ondoren jarri zuten elkartasun gunea, eta apirilaren 19a arte iraun zuen, zigortutako gazteak preso eraman zituzten arte. Beñat Apalategi (Gros, 1984) errugabetu egin zuen Gorenak. Donostiako Aske Gunea, eta asteburuan antolatu dituzten Libre Topaketen inguruan hitz egin du Apalategik Irutxuloko Hitzarekin.
Nola gogoratzen dituzu Aske Gunean bizitako egunak?
Oso egun mugituak izan ziren, oso neketsua izan zen guztia, eta oso gogorra, lagunak espetxeratzen ikustea duen gordintasun guztiarekin. Aldi berean, badut beste oroitzapen bat, jendearen elkartasuna. Ikaragarria izan zen. Egoera oso gogorra bizitzen ari ginen, baina maitasunez beteta zegoen Aske Gunea. Jendeak konpromisoa hartzen zuen lan egiteko eta parte hartzeko. Gainera, parte hartzea aktiboa zen, jendea bertara zihoan lana egitera. Ez zen parte hartze pasibo bat.
Nola baloratzen duzue Aske Gunean lortu zenuten erantzuna?
Guk finkatutako helburuak bete ziren. Sententzia atera aurretik, planteamendu bat osatu genuen, eta helburu argi bat finkatu genuen: pauso kualitatibo bat eman nahi genuen atxiloketa eta espetxeratzeen inguruan. Uste genuen maila batean blokeatuta zegoela, eta beste erantzun bat eman behar zela. Helburu hori lortu zen, eta ikusi besterik ez dago bilakaera. Ondarroan, Iruñean… Ikusi da jendeak erantzuteko beharra zuela, eta jendeari erantzuteko tresnak ematen badizkiozu ba jendeak erantzuten duela. Eta nik uste dut hori dela hemendik atera den irakaspenik garrantzitsuena.
Aske Gunearen urtemugaren harira Libre Topaketak antolatu dituzue, desobedientzia zibila indartzeko asmoz.
Argi daukagu benetan eraso hauei erantzuteko tresna desobedientzia dela. Kasu bakoitzean, momentu bakoitzean eta leku bakoitzean, bakoitzak egokitu beharko du tresna hori bere errealitatera. Hiru adibide mahai gainean jartzearren: Donostia, Iruñea eta Ondarroa. Bakoitzak egokitu behar izan zuen bere errealitatera. Tresna desobedientzia zibila izan behar duela argi daukagu. Kasu honetan eskubide zibil eta politikoen gaiari buruz ari gara, baina desobedientzia da edozein lan eremu eta borrokatan erabil daitekeen tresna bat. Aske Gunean lortutako erantzuna oso indartsua izan zen, eta desobedientziaren bidean inflexio puntu bat suposatu zuen. Iruditzen zitzaigun oraindik heldu gabe dugun eztabaida bat dela, eta desobedientziaren gaiari heldu behar geniola. Ez dugu soilik eskubide zibil eta politikoen inguruan planteatuko eztabaida, desobedientziaren inguruan arituko gara bere osotasunean. Libre Topaketak desobedientziaren inguruan hausnartzeko izango dira. Eztabaida sektorialak izango dira, borroka eta lan eremu desberdinetan desobedientzia zibila nola aplikatu daitekeen aztertuko dugu.
Bi eguneko jardunaldia egin duzue (larunbatean eta igandean), zeintzuk izango dira ekitaldi nagusiak?
Plenario bat egingo dugu, eztabaida sektorialak egingo ditugu eta herri mugimenduko eragileen azoka bat egingo dugu. Azoka egitea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, desobedientziaren inguruko eztabaidaz gain, garrantzitsua da sare bat eraikitzea, eta eragileei beraien aldarrikapenak publiko egiteko aukera ematea. Herri mugimenduaren isla izan nahi duen azoka bat izango da. Larunbat gauean ekitaldi sinboliko bat egingo dugu. Lo zakuak hartu eta Bulebarrean gaua pasatzeko deia egin dugu. Aske Gunearen urtemugaren harira, omenaldi bat egingo diegu atxilotuen senideei. Larunbat goizean bi zutabe aterako dira. Bat, Grosetik, Katalunia plazatik; eta bestea, Amaratik, Easo plazatik. Jendeak senideak babestuko ditu Bulebarrera bidean.
Aske Guneak emandako irakaspenen artean zein nabarmenduko zenuke?
Aske Gunearen aurretik bagenuen konplexu bat jendeari konpromisoak eskatzeko. Donostian atxilotu zituzten Oreretako gazteen kasuan argi geratu zen jendeak erantzun nahi zuela, baina azkenean hor zegoen gure beldurra gauzak eskatzeko. Hori izan zen atzera bota ziguna momentu horretan. Lehen esan dudanaren harira, Donostian argi ikusi zen: jendeari aukera ematen badiozu, prest dago. Kokoteraino dago jendea espetxeratze politikoekin, eta jendeak erantzun nahi du. Konpromisoa hartzeko prest dago jendea. Lurrean eseri, jendea babestu eta poliziari jarrera desobediente batekin erantzuteko prest dago. Hasieran epaiketa honen inguruan egin genuen planteamenduan bagenituen zalantzak: Jendeak erantzungo al du? Jendea prest egongo al da? Gehiegi eskatzen ari al gara? Planteamendu berriak egiterako orduan zenbait beldur kendu zituela uste dut.
Aske Gunean, Bulebarrean, jende asko mobilizatu zen egunero, nola baloratzen duzue?
Herri Harresiaren inguruan hitz egin da asko, baina nik uste dut Aske Gunea bera izan zela askoz ere faktore garrantzitsuagoa. Auzolanaren bitartez atera zen aurrera, eta hori benetan azpimarratzekoa da. Auzolanaren bidez horrelako planteamendu eta egitarau bat egitea, zerotik hasita… Hasieratik bageneukan planteamendu bat, baina Aske Gunea abiatu genuenean zerotik hasi ginen. Hori aurrera atera ahal izatea eta jendeak egunero aurrera ateratzea 12 orduko egitarau bat izugarria da. Ikaragarrizko lana da. Jendeak konpromisoa hartu zuen herri harresian parte hartzeko, baina ez hori bakarrik. Jendeak ere Aske Gunea aurrera ateratzeko konpromisoa hartu zuen. Jendea Aske Gunearen parte zen, ez zen ikusle soil bat. Jendea gerturatzen zen eta bakoitzak egiten zuen ahal zuen ekarpena.
Libre Topaketen ondoren, beste jarduera edo mobilizazioren bat aurreikusi duzue?
Oraindik kaleratzear daude bai gazte mugimenduaren eta ‘herriko tabernen’ aurkako sententziak, eta horiei erantzuteko beste planteamendu batzuk egingo dira. Zoritxarrez esan dezakegu estatuaren jarrera ez dela aldatu, eta orain arteko erasoak jasotzen jarraituko dugula; eta beraz, hauei erantzuteko dinamika desberdinak sortuko ditugu.
Urtebete pasa da Bulebarrean Aske Gunea sortu zutenetik.