Añorgako bulebarizazioari heldu diezaiola eskatu dio EAJk udal gobernuari
“Udal Gobernuari trabatuta geratzen ari zaion zerrenda luzean, Añorgako bulebarizazioa ale bat gehiago da”. Halaxe nabarmendu du gaur goizean EAJko bozeramaile Eneko Goiak, Añorga bulebar bihurtzeko proiektuari buruz egindako agerraldian. “Aurreikuspenak bete gabe igaro ondoren, beste atzerapen bat izan da orain, eta horrek pentsarazten digu añorgatarrek haien auzoaren bizitzaren kalitatea nabarmen hobetuko luketen obra horiek ikusi gabe beste urtebete pasako dutela”, adierazi du.
Hori dela eta, EAJk interpelazio bat egin dio udal gobernuari jakiteko zer dela eta atzeratu den berriro GI-21 (lehengo N-1) Añorgan bulebar bihurtzeko proiektuaren idazketa. “Egia esanda, 2013ko aurrekontuetan sartuta egon arren, udal gobernuak ez zuen azaroaren 29 arte exekuzio proiektua esleitu, eta horrek ezinezko bihurtzen zuen aurrekontuetan mugatutako konpromiso hori betetzea. Proiektuaren egilearekin sinatutako hitzarmenak zehazten zuen proiektua martxoaren amaieran aurkeztu behar zuen. Apirilaren 4ko Tokiko Gobernu Batzordean, ordea, udal gobernuak maiatzaren amaiera arte luzatu du proiektuaren aurkezpena. Luzapena onartzeko emandako zioen artean Udalari berari egotzi dakizkiokeen kontuak aipatzen dira”, esan du Goiak.
“Atzerapen horrekin eraikitze proiektua, kasurik onenean, ia ekainean aurkeztuko dute, eta oraindik egiteko litzateke lanei ekiteko ahalbideratuko duen proiektua onartzeko eta esleitzeko tramitazio administratiboa. Beldur gara prozesu horrek guztiak hartuko duela 2014 urte ia osoa, osoa ez bada. Presazkoa da udal gobernuak egoera honi amaiera eman eta proiektu honi lehentasun osoa eman diezaion. Añorgako bizilagunek denbora gehiegi daramate horren zain”, amaitu du Eneko Goiak.