Babestutako 96 etxebizitza sustatuko ditu udalak Berion
48 babes ofizialeko alokairukoak izango dira eta gainontzeko 48 tasatuak.
Etxebizitza publikoa sustatzeko asmoz, Donostiako Udalak, Etxegi XXI elkarteak eta Goyeneche Fundazioak sinatuta zuten hitzarmenaren aldaketa ikusgai jarriko du bihar Tokiko Gobernu Batzordeak. Honela, babes ofizialeko alokairuko 48 etxebizitza eta beste 48 tasatuak eraikiko dituzte Berion. Lanak 2016 urterako bukatzea aurreikusi dute.
Ricardo Burutan Hirigintzako zinegotziak azaldu du etxebizitzen jabe den Amenabar eraikuntza enpresak 48 etxebizitza udalari salduko dizkiola, 5.660.000 euroren truke. Hasierako hitzarmenak 96 etxebizitza alokairuan hamabost urtez jarriko zirela zioen, baina aldaketari esker, etxebizitzen erdia gutxienez 50 urtez babes ofizialeko alokairukoak izango dira. Gainontzeko 48 etxebizitza tasatuak eraikitzen direnean, salmentan jartzeko aukera egongo da. Guztiak babestuak izango dira, eta garajea eta trastelekua edukiko dute.
“Albiste oso ona da, interes publikoari erantzuten diona. Geldirik zegoen lan bat berrabiatu dugu, hitzarmenaren baldintzak hobetuz. Donostiako Udala alokairuko etxebizitza publikoa sustatzen duen erakunde bakarra da”, nabarmendu du Burutaranek. Gainera, prezio onuragarriak lortu dituztela azaldu du. Izan ere, etxebizitza hauetan biziko diren pertsonek ordaindu beharko duten alokairua, euren irabazkinen araberakoa izango da. Adibidez, urtean 15.000 euro baino gutxiago irabazten dutenek 205 euro ordaindu beharko dituzte, eta urtean 35.000 euro inguru jasotzen dutenek, berriz, 473 euro ordainduko dituzte.
Hitzarmena onartu ostean, lizentzia berehala izapidetuko da, eta lortzen denetik aurrera, etxebizitzak eta urbanizazioa bukatzeko 24 hilabeteko epea izango du gehienez. Obrak zein urbanizazioa garai berean egingo dira.