Behobia-Donostiaren ibilbideak aldaketak izango ditu
Errenteria-Orereta eta Pasai Antxotik igaroko dira korrikalariak lasterketaren 50. urteurrenean, eta ez Pasaiako portutik eta Lezotik, azken urteetan bezala. Aurtengoa proba moduan erabiliko dute, eta emaitza onak ematen baditu, aurrerantzean ere mantenduko dute.
Behobia-Donostiak 50 urte beteko ditu aurten. Ez da oharkabean igaroko mende erdiz iraun duen lasterketa, izan ere, berrikuntza garrantzitsuekin dator. Iñigo Etxeberria Fortuna Kirol Elkarteok kideak prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian, eta bertan jakinarazi duenez, 2014ko Behobia-Donostiak aldaketak izango ditu ibilbidean. Hala, Errenteria-Oreretatik eta Pasai Antxotik igaroko dira korrikalariak; beraz, ibilbidetik kanpo geratuko dira Lezo eta Pasaiako portua. “Goizean Fortunakoek egindako bileran ibilbidea aldatzea erabaki dugu. Aspalditik genuen buruan eta gaia serioa da, bereziki herritarren segurtasunarekin lotua dago. Ez da kapritxo bat”, aipatu du Etxeberriak.
1919an sortu zen Behobia-Donostia, eta lehen urte hartatik 1963 bitartean, lasterketa Errenteria-Oreretatik eta Pasai Antxotik igarotzen zen. Ondoren, 2013 arte erabili duten ibilbidea mantendu dute. Orain, bi hilabeteko buruhausteen ondoren, berriro ere ibilbide zaharrera itzultzea erabaki dute. Hori bai, ibilbide aldaketak 7 anoa postuetatik 5 aldatzera behartu ditu antolatzaileak. Etxeberriak gogorarazi du, lasterketaren egunean ohikoena zela Lezo eta Bidebietako sarrera-irteerak ia moztuak egotea, hala, larrialdiren bat egongo balitz, arazoak egongo liratekeelarik. Ibilbide aldaketarekin ordea, ez dela halako arazorik sortuko azpimarratu du. “Aurten proba egingo dugu, eta 2015ean erabakiko dugu zer egin”, aipatu du Etxeberriak. Izan ere, korrikalariengandik jasotzen duten erantzunaren arabera, besteak beste, ibilbide berrituarekin aurrera jarraitu edo ez erabakiko dute. Azken batean, Gaitxurizketako igoeraz gain, Lintzirinetik igaro eta Capuchinoetako aldapa ere izango dute partaideek.
Ibilbide aldaketei esker, lasterketak hainbat onura izango ditu Etxeberriaren hitzetan. Batetik, 700 metro irabaziko dituzte, beraz, irteera aurreratu egingo dute arazo gutxiago sortzeko, eta lasterketak benetako 20 kilometro izango ditu; bestetik, herrien barnetik denbora gehiago egitean, ibilbidea seguruagoa izango da eta ikusle gehiago izan ditzake. “Ibilbide erregularragoa izango da”.
Izen ematea
Datorren astelehenean zabalduko dute 2014ko Behobia-Donostiarako izen ematea. Azken lauzpabost urteetako protokoloa jarraituko dute; hau da, lehenengo ohiko korrikalariek izango dute izen ematea egiteko aukera, ondoren promozio bereziak eta patinatzaileak batuko dira, eta azkenik, maiatzaren 7an izen emate orokorra zabalduko dute. Guztira, 30.000 korrikalarirentzako tokia egongo da.
Urtebetetzea ospatzeko hainbat berrikuntza izango ditu Behobia-Donostiak, baina oraindik ezin dutela horien berri eman zehaztu du Etxeberriak.