Guardetxean estreinatuko dute 'Trikifollia', larunbatean
Hirurogei urte inguruko trikitixa ikasle batzuek Italiara egindako bidaia da film dokumentalaren oinarria.
Iritsi da eguna, larunbat honetan estreinatuko dute Trikifollia filma. Groseko Unai Guerra da Trikifollia-ren zuzendaria; film dokumentala da, eta trikitixaren jatorria azaltzen du, trikitixa ikasle heldu batzuen pasioaren bidez. Zehazki, larunbatean 11:00etan egingo dute estreinua, Urgulleko Guardetxean (Andereño Elvira Zipitria, 7.), eta bertan, filmeko talde teknikoak zein artistikoak parte hartuko dute. Trikifollia egitea ahalbidetu duten kolaboratzaileei, babesleei eta diruz lagundu dutenei zuzendua dago larunbateko jarduera. Izan ere, crowdfunding plataforma baten bidez euren alea jarri duten ia 140 lagunei esker lortu dute filma egiteko beharrezko dirua.
Hirurogei urte inguru dituzten trikitixa ikasle ikasle batzuen historia du ardatz Trikifolliak, eta bide batez, batzen dituen musika tresna horren sekretuak ezaguturaziko ditu. Donostiatik Italiako Castelfidardo herrira autobus bidaia egingo dute filmeko protagonistek, izan ere, Castelfidardon, modu tradizionalean egiten dute soinu txikia artisau adituek. Umore uneak eta zehaztasun historikoa batuz, kulturaren dibulgazioa eta erronka berrien erdiestea uztartzen ditu filmak, ilusioak adinik ez duela erakutsiz.
Telebistarako egindako 60 minutuko ikus-entzunezkoa EITB taldearekin batera ekoiztua dute, eta Donostia 2016 egitasmoaren babesa du. Emanaldiaren ostean, proiektuaren egileek gonbidatuen eta komunikabideen galderak erantzungo dituzte.