'Hilarriak-ilargiak' erakusketa zabaldu du Chari Goienetxek
Parte Zaharreko Ekain galerian eta Zarauzko Ispilu Arten ikus daitezke artistaren lanak.
Hilarriak-ilargiak izeneko erakusketa zabaldu du Chari Goienetxe artista zarauztarrak. Bi galeriatan banatu du erakusketa, Parte Zaharreko Ekain Arte Lanaken, eta Zarauzko Ispilu Arten; gaur arratsaldetik maiatzaren 10a bitartean egongo dira zabalik bi erakusketak. “Aspalditik dator kontua, lehen artista liburuak egiten nituen, zuloekin, argia bilatzeko. Gero, ilargiak egiten hasi nintzen, hori baitzen paperetan uzten nuen zuloa. Ilargiak, gainera, hildakoen argia esan nahi duenez, hilarrietara jo nuen. Gainera, askotan, ilargiaz hitz egiten duten Federico Garcia Lorcaren testuetara jotzen dut”, azaldu du artistak.
Ilargien kontuarekin duela sei urte inguru hasi zen Goienetxe. “Hasieran ez nituen gehiegi egin. Orain berriro heldu diot gaiari, hilarriekin batera, eta beste asko egitea espero dut”. Marmol hautsa, arrautza zurien azala, hostoak, enbor zatiak eta antzeko materialak erabiltzen ditu artistak bere koadro bereziak osatzeko.