Etxebizitzak berritzeko diru laguntzen ordenantzari behin betiko onarpena emango diote
Ordenantza berriak lehen hiru araudiren bidez erregulatzen ziren elementuak jasotzen ditu, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Bihar emango dio Udalbatzak behin betiko onarpena.
Etxebizitzen iraunkortasuna eta energia eraginkortasuna handitzea izango da laguntza hauen helburua, eta ordenantza berria hiri osora zabalduko da; orain arte Parte Zaharra, Sagues, Loiola, Amara Zaharra, Altza eta Herrerara bakarrik bideratzen ziren.
Ordenantza berriak laguntza ildo berri bat ere jasoko du: eraikinaren egituraren kalteak ekiditeko egiten diren lanei, bertan bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzeko egin behar diren lanak gehituko zaizkio orain. Mota hauetako lanen kostuaren %20rainoko laguntzak bideratuko dituzte, 20.000 euroko gehienezko ekarpenarekin. Hiru etxebizitza baino gehiago dituenek edo urtean 150.000 euro baina gehiagoko diru sarrerak dituztenek ezingo dute laguntza hau jaso.
Komunitateei laguntzak
Hemen aurreikusten diren diru laguntzak Eraikinen Ikerketa Teknikoek eskatzen dituzten obretara zuzentzen dira. Hauen artean, instalakuntza elektrikoak, edo larrialdietarako irteerak daude, eta %20ko diru laguntza izango dute, gehienez 20.000 euroko laguntzarekin.
Eraginkortasun energetiko hobeago bat bilatuz, energia alternatiboak ezartzeko kostuaren %20 diruz lagunduko dute, gehieneko kopurua 16.000 eurokoa izanik.
Fatxaden eta estalkien isolamendurako obrek, kanpoko harotzeriaz gain, %20ko laguntza izango dute, 60.000 euroraino.
Irisgarritasunaren hobekuntzak ere %20ko laguntzak izango ditu, gehienez 20.000 euroraino.
Azkenik, katalogatutako eraikinen fatxaden estetika hobetzeko %5ko laguntza emango dute, 6.000 euroko mugarekin.
Elementu pribatiboak
Atal honetan hiru ildo ezartzen dira.
Etxebizitzaren barne isolamendua hobetzeko lanei laguntzak %20koak izango dira, etxebizitza bakoitzeko 2000 eurorainoko ekarpenarekin.
Beste atal batek mugikortasun murriztuko pertsonei eta 70 urtetik gora dituztenei egiten die erreferentzia. Bainugelak, argi eta gas sentsore edo korridoreen hobekuntzarako dira laguntza hauek, %20koak eta gehienez 6.000 eurorainokoak.
Zarata ekiditeko kanpoko harotzeriaren ordezkaketarako laguntzak ere hiri osora zabaltzen dira, ez Parte Zaharrerako bakarrik. Egunez gutxienez 60 dezibelio eta gauez 50 jasaten dituzten etxebizitzetarako aurreikusten dira eta %20ko diru laguntza izango dute; gehienez 2.000 euro.
Etxebizitza hutsak
Alokairua sustatzeko helburuarekin, hutsik dauden etxebizitza guztien erreformarako %20ko diru laguntzak aurreikusi dituzte; gehienez 3.000 euro. Jabeek etxebizitza Alokabiden jartzeko konpromisoa hartu beharko dute, hau da, merkatuak markatzen duen prezioa baino %20-25 merkeago.