Udaleko talde politiko guztietako ordezkariek babesa eman diote Donostia 2016 egitasmoari. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostia 2016 egitasmoa “edozein sigla edo ikuspegi alderdikoiren gainetik” dagoela adierazteko agerraldi berezi bat egin dute Donostiako Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek. Biharko udalbatzarrean onartuko duten erakunde adierazpena irakurri dute; “gaurko argazkiak aro berri baten hasiera eta guztien konpromisoa” islatzen dituela adierazi du Juan Karlos Izagirre, alkateak.
Donostia 2016ren egoitzan Izagirrerekin batera izan dira udal gobernuko Josu Ruiz eta Naiara Sampedro ere, Eneko Goia jeltzalea, Ernesto Gasco eta Marisol Garmendia sozialistak, eta PPko Ramon Gomez.
Erakunde adierazpena
Hiru puntu ditu bihar Udalbatzak onartuko duen adierazpenak.
Lehenik, alderdi politiko guztiek Europako Kultur Hiriburutzaren aldeko apustua eta konpromisoa berretsi dute herritarren aurrean, edozein sigla eta ikuspegi alderdikoiren gainetik.
Bestetik, talde politiko guztiak partaide izanda, proiektuaren alde lan egiteko borondatea berretsi dute, oraingo zailtasunak gainditu ahal izateko eta Donostia 2016 kultur proiektua arrakastaz garatzeko. Horretarako, adostasuna, kultur bikaintasuna eta herritarren partaidetza eta harrotasuna hartuko dituzte abiapuntutzat.
Azkenik, Donostia 2016 Fundazioa eratzen duten erakunde publiko guztiei lanean jarraitzeko eskatu diote, baliabideak eskainiz eta ‘Elkarbizitzarako Kultura, Herritarren energia olatuak’ proiektu irabazlea betetzea bermatuz.
Ordezkari politiko guztiak Donostia 2016ko elastikoak jantzita agertu dira, eta guztiak bat etorri dira elkarlanaren beharra nabarmentzerakoan.
Juan Karlos Izagirreren arabera, gaurko argazkiak garrantzia handia du; “Donostia 2016k arrakasta izateko beharrezkoa da guztiok elkartzea, eta argi geratu da prest gaudela”. Kultur hiriburutza “guztien artean egin beharrekoa da, inor bazterrean utzi gabe; donostiarrena da egitasmoa, eta donostiarrak dira bideratu behar dutenak”, gaineratu du alkateak.
Ernesto Gascoren ustez ere, garrantzitsua da herritarren ilusioa eta parte hartzea berreskuratzea; “proiektuak hasierako izpiritua berreskuratu behar du”. Bozeramaile sozialistaren arabera, “Donostiak lehen mailako kultur sortzaileak ziurtaturik ditu, guztion bultzada da orain falta dena; hasiera hasieratik egin dugun moduan, hemendik aurrera ere sutsuki defendatuko dugu kultur hiriburutza”.
Ramon Gomez popularrak ere lanerako konpromisoa berretsi du. Gomezen esanetan, “kudeaketa oker baten ondorioz, Donostia 2016 proiektuaren eta hiriaren beraren irudia nahikoa hondatu dira dagoeneko, proiektua oso egoera larrian dago, eta ezinbestekoa da guztien ahalegina”.
Gaurkoa inflexio puntu bat izan da Gomezen arabera, eta garaiz dabiltza arrakasta lortzeko; “donostiar guztiok gara 2016, eta guztion artean lortuko dugu”.