Literaturara gerturatzeko parada
Literaktum jaialdia maiatzaren 8tik 17ra bitartean ospatuko da.
“Literaturarekin urtero udaberrian dugun hitzordua da. Gure hiria ahozko hitzen hiria eta idatzizko hitzena bihurtuko zaigu”. Halaxe mintzatu da Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura Arduraduna Literaktum jaialdiari buruz. Bederatzigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Liburutegi Nagusian. Maiatzaren 8tik 17ra bitartean, hiriko kultur etxeetan hausnarketa, eztabaida eta irakurleen pentsaera kritikoa sustatuko da. Literatura nagusi izango den arren, kontzertuak, ibilbide literarioak eta mahai inguruak ere egongo dira.
Jaialdia bi arlotan banatzen dela azaldu du Ernest Lluch kultur etxeko zuzendari eta jaialdiko edukien koordinatzaile Iñaki Gabarainek. Alde batetik, idazle ezagunak, “erakargarriak, kalitatezkoak eta irakurle asko dituztenak” daude. Edizio berriari hasiera emango diona Bernardo Atxaga izango da eta bere presentzia nabarmendu nahi izan du. “Berriki plazaratu du Nevadako egunak liburua eta guretzako bera jaialdian egotea lorpen bat dela esan daiteke”. Atxagaz gain, Dolores Redondo idazle donostiarrak ere parte hartuko du, “bere trilogiarekin mundu mailako fenomeno bilakatu dena”. Bestalde, saioetan izango diren aurkezle zein gidatzaileak aipatzekoak direla esan du Gabarainek. Pepe Artolari buruz egingo den ibilbide literarioan, esaterako, Jose Ignazio Ansorena izango da gidatzailea.
Bestetik, jaialdiak diziplina ezberdinak nahasten ditu, hau da, literatura beste arte forma batzuekin lotzen da, teknologia eta formato berriak sortuz. Jarduerak, beraz, anitzak dira: solasaldiak, elkarrizketak, performanceak edota kontzertuak. Bigarren arlo honen adibide da jaialdiak izango duen azken ekitaldia. Maiatzaren 17an Musika Parkean egiteaz gain, Ana Malagonen ipuinak irakurriko dituzte eta Basmattik musika jarriko du, Bernategi baserrian.
Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria kezkatuta azaldu da irakurleen artean bi mutur daudelako: ezer irakurtzen dutenak eta liburu asko irakurtzen dituztenak. Gainera, Liburuaren Egunean, ariketa bat egin zuen, eta 30 urtetik beherako inor ez zuela ikusi aitortu du. Horregatik, jaialdia publiko mota hori gerturatzeko bide bat izan daitekeela esan du. Euskal Idazleen Elkarteko Jasone Osorok egitasmoari esker, liburuak etxetik ateratzeko aukera dagoela azpimarratu du. Hortaz, jaialdiaren bidez, irakurle gazte horiek erakarri daitezkela uste du, irakurle eta sortzaileen artean harremana sustatuz.
Kafea eta solasaldia
Aurtengo edizioaren berritasunen artean, Donostiako Kulturako bazkideek izango duten zenbait egilerekin kafea hartu eta solasaldia izateko aukera nabarmendu dute. Izan ere, idazle bakoitzaren saioa baino ordu batzuk lehenago, 10-15 pertsona inguruko talde batek parada izango du idazle horrekin hitz egin eta galderak egiteko. Irabazleak zozketa bidez aukeratuko dituzte. Horretaz gain, saio bakoitzaren amaieran, idazleek liburuak sinatuko dituzte.
Sarea
Literaktum sarean egiten den jaialdia da. Izan ere, duela bi urte sinatu zuten hitzarmenari esker, Donostia Kultura Koldo Mitxelena, Musika Parkean, Gipuzkoako liburugileen elkartea eta Euskal Idazleen Elkartearekin batera elkarlanean ibiltzen da. Azken hau, adibidez, aholkulari bezala eduki du saioak prestatzerako garaian.
[box]
LITERAKTUM 14, EGITARAUA
- DESERTUKO BIZTANLEEI BURUZ. Bernardo Atxaga & Anari. Maiatzak 8, osteguna (19:30). Ernest Lluch K.E. Euskaraz.
- IBILBIDE LITERARIOA HIRIAN ZEHAR: PEPE ARTOLA PAXIENTXIEN BANATZAILEA. Maiatzak 9, ostirala (18:00). Irteera Usandizaga plazatik (Gros). Izen ematea Alderdi Eder Liburutegian edo liburutegi_alderdieder@donostia.org helbidean. Euskaraz.
- JON OBESO & MURSEGO & IDOIA ZABALETA & EKAIN PEREZ. Maiatzak 9, ostirala (19:30). Koldo Mitxelena Kulturunea. Gazteleraz.
- TIK-TAK. Araoz Gaztetxo Abesbatza. Maiatzak 10, larunbata (17:30). Elebiduna.
- EDITOPOA. Nagore Legarreta (argazkiak) & Gorka Setien & Haizea Arregi (poesiak) & Mariano Hurtado (kontrabaxua). Maiatzak 10, larunbata (20:00). Lugaritz K.E. Euskaraz.
- CLARA SANCHEZ. Maiatzak 12, astelehena (19:30). Okendo K.E. Gazteleraz.
- ETXEPARE RAP. Imanol Epelde. Maiatzak 13, asteartea (19:30). Liburutegi Nagusia, ekitaldi aretoa (San Jeronimo kalea). Euskaraz.
- DOLORES REDONDO. Maiatzak 14, asteazkena (19:30). Tomasene K.E. Gazteleraz.
- PETROS MARKARIS. Markaris, Europaren disekzioa nobela beltzetik abiatuta. Maiatzak 15, osteguna (19:30). San Telmo Museoa. Ingelesez (aldibereko itzulpena euskaraz eta gazteleraz).
- MIKRO IPUINAK URUMEA BAZTERREAN. Maiatzak 17, larunbata, Benartegi baserrian (Loiola-Martutene). Musika Parkean: Picnic eta kontzertua (14:00-18:00). Ipuin irakurketa (18:00).