Altza auzotarren bidez ezagutzeko aukera egongo da larunbatean
Janen ibilaldia 9:30etan abiatuko da Buenavistako biribilgunetik.
Duela hiru urte egin zuten lehenengoz Jane’s Walk izeneko ekimena, Egia auzoan, hain zuzen ere. Iaz Parte Zaharra ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek, eta, aurten Altzaren txanda izango da. Larunbatean, maiatzak 3, interesa duen orok auzoan zehar ibilaldi bitxi batean parte hartu ahal izango du.
Impact Hub Donostia kolektiboak antolatuta, herritarrek auzoan ezezagunak diren alderdiak ezagutuko dituzte, altzatarren eskutik. “Altza Donostiako hiritar askok ezagutzen ez duten auzo bat da, eta ez dugu Kontxa hondartzarik, baina etortzen direnei gustatuko zaie”, adierazi du Alvaro E. Olaiz arkitektoak. Behatuz, errealitatetik ikasten saiatuko dira bertaratzen direnak. Azken batean, auzoko historia ezagutzeko aukera egongo da eta “hirigintza eta pertsonak gerturatzeko modu bat izango da”, azpimarratu du Otilia Otxoa Donostiako Eraikuntza Institutuko zuzendariak.
Aurtengo ibilbiderako Altzako zenbait elkarteen laguntza izan dute. Esaterako, Altzako Historia Mintegiak ibilbidearen nondik norakoak antolatu ditu eta edukiak prestatzen ere lagundu du. Donostiako Eraikuntza Institutuak ere parte hartuko du eta ibilbidean tarte bat eskainiko diote.
Alvaro E. Olaizek azaldu duenez, ibilaldiak egun osoan zehar iraungo du. Buenavistako biribilgunetik abiatuko da 9:30etan, eta 18:00ak aldera amaituko da. Hala ere, edonork nahi duen momentuan ibilaldiarekin bat egin dezakela esan du Olaizek. “Partaidetza erabat irekia da eta ez dago ordaindu beharrik”, gaineratu du.
Jane’s walk
Janen ibilaldiak Jane Jacobs hirigile eta ekintzaile estatubatuarraren omenez egiten dira. Jacobsek 60. hamarkadako hiri estatubatuarren urbanizatzearen birmoldaketa prozesuak gogor kritika zituen eta auzoetako funtzionamendua, bertako arazoak eta horiei aurre egiteko aproposenak bertako biztanleak direla defendatzen zuen.
Ibilaldiak 2007. urtean hasi ziren egiten, bere heriotzaren lehenengo urteurrena betetakoan, Toronton. Gaur egun, 500 hiri baino gehiagotan egiten dira, maiatzeko lehenengo astean. Hiri-eremua aldarrikatuz, orokorrean gidaliburuetatik kanpo dauden tokiak ezagutzea dute helburu, edo, behintzat, beste begi batzuekin ikusteko.
[box]
IBILBIDEA
- 9:30. Irteera Buenavistako biribilgunetik.
- 10:30. Kafea edota pintxoa Elizondo tabernan, Casares-Tomasene kultur etxeen ondoan.
- 11:00. Auzoko auzotar ezagunekin egindako elkarrizketen emanaldia.
- 12:30. Elosegi etorbidea. Bisitaldia bertan, antzinako bitxikeriak ikusiz.
- 14:00. Altzako parte zaharra eta Donostiako Eraikuntzako Institutua.
- 15:00. Martillun jatetxean bazkaria (15 euro bakoitzeko. Aldez aurretik izena eman daiteke Janen ibilaldien atarian).
- 17:00. Bazkalostean, Larratxoko parketik jaitsiera.
- 18:00. Jane 2014ko ibilaldiaren amaiera.