Donostia 2016 egitasmoaren bulegoa indartuko dute, zuzendaritza berriari itxaron gabe
Atzoko irudi esanguratsuari jarraipena eman dio bere diskurtsoan; hots, proiektua aurrera eramateko sentsibilitate guztiek bat egitea ezinbestekoa dela esateko orduan.
Era berean, zuzendaritza berriaren izendapenari itxaron gabe, Donostia 2016 egitasmoaren bulegoa indartuko dutela jakinarazi du, bulegoa bera behin-behinekoa izan arren. Udal teknikariekin lan taldea indartuko dutela nabarmendu du, eta hamar lanpostu gehiago sortuko dituztela aurreratu. “Esku artean ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu proiektuaren alde”, esan du alkateak. Bulegoan sortutako krisiari konponbidea jartzeko beharrezkoak diren urratsak emango dituztela berretsi du, eta gaixo batekin alderatu du egoera. “Medikua naizen aldetik, bihotzeko bat egoten denean behin-behineko bypass bat egitea gomendatzen dut lehenik, ehunak hobetzeko. Egonkortasuna lortuta, behin-betiko bypassa etorriko litzateke ondoren”, azaldu du.
Egingo duten lehen lana proiektua kalera ateratzea izango dela adierazi du. Horretarako, bulegoak hiru hilabeteko kronograma bat osatu duela iragarri du, herritarren artean sentsibilizazioa eta komunikazioa sustatzeko. “Kalera irtetzeko momentua da. Herritarren parte hartzea eta ilusioa piztu behar dugu berriro”, esan du. Lidertza herritarrei dagokiela azpimarratu du, eta proiektua donostiarrek eurek bere egin behar dutela berretsi. Hori bai, erakunde mailan, udalak lidertza hartu behar duela esan du.
Honen harira, erakundeekin bilerak hitzartu dituztela jakinarazi du, egoera zertan den esplikatzeko. Ostiralean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilduko da alkatea eta bi aste barru, Espainiako Estatuko Kultura idazkari Jose Maria Lassallerekin. Proiektuaren izaera berreskuratzea dutela helburu adierazi du. “Elkarbizitzan oinarritutako egitasmo bat da, kultur, turismo edo ekonomia arloko berezitasunak baino harago. Honengatik aukeratu gintuzten, eta lehen lerrora eraman behar dugu hori. Batzeko proiektu bat da, ez baztertzeko. Inor soberan ez dagoen proiektu bat da, azken batean”, erantsi du.
Bestalde, Donostia 2016 bulegoan sortutako krisia testuinguru egokian kokatzeko, alkateak jakinarazi du Europako Kultur Hiriburu izandako 15 egitasmoetatik 11tan egon dela zuzendaritza aldaketa hiriburutzarako bi urte geratzen zirenean. “Krisiaren erantzukizuna hartzen dut, baina gertatutakoa testuinguru batean kokatzea komeni da”, argitu du.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok alkatearen hitzak eskertu ditu, 2016ko egitasmoak norabide aldaketa behar zuelakoan. Hiriarentzat proiektu “estrategikoa” eta “historikoa” dela esan eta gero, «elastikoa izerditzeko» prest direla nabarmendu du, eta udalbatzarrean 2016ari buruzko kamisetak horregatik jantzi dituztela azaldu du.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek, bere aldetik, kritika egin dio Izagirreri. Agerraldia ez egiteko eskatu ziotela ekarri du gogora, “lan egiteko unea delako, ez hitz egitekoa”. Bilduk ez diola eskaerari jaramonik egin kritikatu du. “Atzoko argazkia bertan behera utzi du alkateak, 24 ordu eskasetan”, salatu du.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak iritzi berekoa dela esan du; alkatearen agerraldia beharrezkoa ez zela esateko garaian, alegia. “Hitzak ez dira orain hain beharrezkoak, ekintzak baizik”, aitortu du. Hala ere, jeltzaleek aurrera begiratzeko hautua egin dutela esan du, «errudunak bilatzeko unea ez delako, nahiz eta tentagarria izan”.
Apirileko udalbatzarrean, Juan Karlos Izagirre alkateak agerraldia egin du 2016 egitasmoari buruz hitz egiteko, Bilduk proposatuta.