Konstituzio plazan egindako agerraldia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Gaztetxe baten aldeko aldarriak Parte Zaharra hartu du gaur, Konstituzio plazan egindako elkarretaratzearen bitartez. Hain zuzen ere, Parte Zaharreko hainbat bizilagunek protesta egin dute larunbatean izandako gertaerengatik eta, bide batez, auzoak gaztetxe bat izateko lanean jarraituko dutela berretsi dute.
Asteburuan, gaztetxearen aldeko kalejira eta jarduerak egin zituzten Parte Zaharrean, jai giroan, Ertzaintza agertu zen arte. “Inolako arrazoi eta esplikaziorik eman gabe”, Ertzaintza oldartu zitzaiela ekarri dute gogora eta, ondorioz, auzotar batek besoa puskatuta duela eta hainbatek jipoiak jaso zituztela. Zaurituen argazkiak erakutsi dituzte agerraldian. “Ez dugu gure auzoan horrelako erasoak gerta daitezen onartzen. Honek amaitu egin behar du. Auzoko gazteok ozen esaten dugu askatasun osoz aldarrikatzeko eskubidea dugula”, adierazi dute, eta gaztetxearen aldeko borrokak oztopo asko izan dituela nabarmendu dute. “Urteak daramatzagu kalean, eta gure alternatiba propioak eraikitzen gaztetxe baten beharra dugula aldarrikatzen. Bide honetan trabak ugariak izan dira beti, baina aurreko larunbatean gertatu zena larria da. Ez zitzaigun gaztetxearen aldeko kalejira egiten utzi. Zer gertatzen da? Non dago adierazpen askatasuna?”, galdetu dute.
Ertzaintzaren jarrera “oso gogorra” izan zela salatu dute. “Hasiera-hasieratik mehatxuak jasan genituen etengabe. Gainera, kalejira bertan beherea uztea erabakita ere, arratsalde osoan gu jarraika eta atzetik genituela ibili ginen”, esan dute, eta larunbatean gertatutako zenbait pasarte ezagutzera eman dituzte. “Halako batean, gazte bat identifikatzeari ekin zioten modu txarrean. Hau ikusita, inguruan zeuden auzotar batzuk bertara hurbildu ziren zer gertatzen zen galdetzera. Ertzainak, ordea, indarkeriarekin erantzun zuen, auzotarrak jipoituz eta euren borrak erabiliz”, azaldu dute.
“Nazkatuta gaude, aski da. Auzoan lasai bizi nahi dugu. Utzi pakean Parte Zaharra”, esan dute agerraldiarekin bukaeran.