Zurriolako hondartza ez dute erabat itxiko
Maiatzaren 12an hasiko dira hondar gehiago jartzeko lanak. Hamar bat egunetan lanak bukatuta egotea espero dute.
Denboraleek euskal kostaldean eragindako kalteak konpontzeko lanen berri emateko agerraldia egin dute gaur Donostian. Lan hauek kezka eragin dute surflarien eta bertako ostalari eta merkatarien artean, hondartza erabat itxiko zutela esan baitzuten. Lanen arduradunek gaur azaldu dutenez, ordea, Zurriola ez dute erabat itxiko, lanak faseka egingo dira eta fase bakoitzean 200 metro inguruko hondartza zatia hartuko dute.
Jose Luis Herrador Espainiak Gipuzkoan duen ordezkariordeak, Teresa Ruiz eta Andres Molina Kostako zerbitzuen arduradunek eta Alexander Garcia lanen arduradunak izan dira prentsaurrekoan. Hondartzetara hare gehiago botatzeko lanak herenegun Hondarribian hasi zirela azaldu dute. Horren ondoren Zurriolaren txanda izango da. Maiatzaren 12an hasiko dira 300.000 metro kubiko hondar gehitzeko lanak, 1,4 milioi euroko kostuarekin.
Zati bat itxita egon arren, gainerako hondartza guztia irekita egongo da. Lan guztiak hamar bat egunetan bukatzea espero dute. Kontxaren kasuan, ez dute uste hondar gehiago behar duenik, Ondarretak bai, ordea. Gobernu espainolaren ordezkariek nabarmendu dutenez, Madrilek 18,7 milioi euro inbertituko ditu Gipuzkoan eta Bizkaian itsas denboraleek sortutako kalteak konpontzeko.