LAB sindikatuaren manifestazioa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
CNT, ESK eta EILAS sindikatuak 12:15ak aldera abiatu dira Bulebarretik; LABeko langileak, berriz, ordu erdi beranduago. ELAko ordezkaririk ez da aurten Donostian izan, Bilbon egin baitute manifestazio nagusi bakarra.
Langileen eguna da Maiatzaren Lehena eta asko izan dira Donostiako kaleak zeharkatu dituztenak. Ikur ezberdinen atzean joan badira ere, nagusien elkarteen eta murrizketen aurkako oihuak izan dira nagusi, eta baita lan baldintza duinen aldeko aldarrikapenak ere.
“Gaurko borroka, biharko enplegua” edo “Maiatzaren Lehena, borroka eguna” izan dira gehien errepikatu dituzten oihuak. Baina banketxeentzat ere izan dute irainik. LAB sindikatuak deituriko manifestazioak geldialdi bat egin du Kutxaren egoitzaren parean, Getaria kalean. Lanaren eta aberastasunaren banaketa bermatu behar direla aldarrikatu dute; “Euskal Herrian eredu neoliberala iraultzeko politika ekonomiko propioa erabaki eta garatu beharra” azpimarrratu dute, tokiko garapena, ekonomia soziala eta elikadura burujabetza landuz.
Okendo kaleko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoaren parean ere egin dute geldialdia. Gazteek hartu dute hitza bertan, gazteen eskubideak aldarrikatzeko; larunbatean Bilbon egingo duten
Manifestakziorako deialdia ere gogoratu dute.
Manifestazioen amaieran, Bulebarrean egin dute agerraldia CNT, ESK eta EILAS sindikatuek eta Alderdi Ederren, berriz, LABek. Aurten hauteskunde sindikalen urtea dela gogoratu dute.
Lan eredu berri baten alde lan egin beharraz mintzatu da Lurdes Eraso LABeko kidea. Bere esanetan, “krisia iruzur handi bat da; errudunek ez dute dagokien ardurarik hartzen, eta langileok egin gaituzte egoera ekonomikoaren erantzule”. LABen ustez gezurra da agintariek defendatzen duten ekonomia hazkundea; “lan baldintzak ez dira duinak, lan erreformak ez ditu langileon eskubideak bermatzen, aberatsak gero eta aberatsagoak dira, beraz, prekarietatean oinarritutako hazkunde ekonomikoa ez da erreala”.