Eraikitako Hiri Ondarearen plana aldatzeko prest legoke udal gobernua
Arte Ederren eraikinaren inguruan hautsak harrotu ditu berriro ICOMOS, kultur ondarearen babeserako ikuskaritza elkarteko kidearen adierazpenak. Eraikinaren babes maila handitzen ez bazen UNESCOk neurriak hartuko zituela ohartarazi zuen atzo Fernando Espinosa de los Monteros arkitektuak, eta udal talde politiko guztiekin bildu ondoren, “jarrera positiboa” jaso zuela adierazi zuen.
Bildu
Bilera horien harira, Ricardo Burutaran, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziaren arabera, udal gobernua Arte Ederren eraikina bota edo itxuraldatu gabe erabilera bat ematearen aldekoa izan da beti. Eta halaxe jakinarazi zioten atzo udaletxean izan zen ICOMOS elkarteko adituari ere.
Udal gobernuak ez zuen oposizioaren babesik jaso, ordea, eta Udalbatzak C babes maila eman zion eraikinari, PP, PSE-EE eta EAJren botoekin; Bilduk aurka bozkatu zuen. Babes maila hori, ordea, partziala da, fatxadetan aldaketak egitea ahalbidetzen duen klausula bat baitu. Erabaki horrek eraistea ahalbidetuko lukeela salatu izan du udal gobernuak.
Burutaranek adierazi duenez, oposizioko alderdiren batek bere erabakian atzera egingo balu, eta eraikina eraistea ekiditeko prest balego, udal gobernua Eraikitako Hiri Ondarearen planean aldaketa puntual bat egiteko prest legoke.
Dena dela, Arte Ederren eraikinaren etorkizuna erabakitzeko eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela gogoratu du Burutaranek, bere esku baitago kultur monumentu izendatzea. Horretarako, gainera, Eusko Jaurlaritzak badituela Arte Ederren eraikinaren balio historiko eta kulturala ziurtatzen dituen txosten teknikoak esan du Burutaranek.
EAJ
Jeltzaleen ustez, kezkagarria da ICOMOS elkarteak iragarri duen alerta, baina Iñaki Gurrutxagak adierazi duenez, Arte Ederren eraikina dagoeneko babesturik dago. “Eraikina berritu daiteke, bai, baina C babes mailarekin ezin da edozer gauza egin; oraingo babes mailak balio gehien duten elementuak mantentzea bermatzen du”, gaineratu du Gurrutxagak.
Arte Ederren eraikina mantentzeko erarik onena erabilera bat ematea da jeltzaleen ustez, “baina ahalik eta gutxien eraldatuta, baita dagoen moduan utzita ere”.
PSE-EE
Eraikinari erabilera bat ematea da sozialisten lehentasuna ere; “Erabiltzen ez den artea usteldutako artea da”, esan du Ernesto Gasco, bozeramaile sozialistak.
C babes maila nahikoa dela uste dute, eta Gascoren esanetan, “etorkizunean emango zaion erabilera da agian Ondarearen Babeserako taldeei gustatzen ez zaiena”. Dena dela, bide horretan ere lanean jarraitu daitekeela uste du Gascok. Eskertu ditu Europako adituen gomendioak, baina “Arte Ederren eraikinaren alde ari direnei lanean jarraitzen uzteko” eskatu diete.
PP
ICOMOS elkarteko adituaren alertak PPko ordezkariak ere ez ditu harritu. Ez dute mehatxu baten moduan jaso, eta edonola ere, Arte Ederren eraikinari babesa handitzeko kultur monumentu izendatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela nabarmendu dute.
Ramon Gomezen arabera, Donostiako Udalak behar duen babes maila eman dio dagoeneko eraikinari. “Zentzugabea litzateke eraikinaren erabilera eragotziko lukeen moduan babestea Arte Ederren eraikina, beraz, erabilera bermatuta, hartutako erabakia zuzenena da”, esan du Gomezek.