Ricardo Burutaran, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hogei urte daramatza Etxegintzak babes ofizialeko etxebizitzen alokairua eskainiz behar gehien duten herritarrei. Ricardo Buruturan, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu duenez, hogei urte hauetan, inolako salaketarik izan ez bada, ez da alokatze hitzarmenik eguneratu, eta besterik gabe luzatu dira. Berez, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako araudiaren arabera, bost urteko iraupena dute mota honetako hitzarmenek, baina Donostian automatikoki berritu dira orain arte.
Hemendik aurrera, ordea, egoera aldatuko da, Etxegintzako kontseiluak alokairuzko etxebizitza publiko batean bizitzeko betebeharrak finkatu baitzituen atzo egindako bileran.
Baldintza horiei jarraituz, Etxegintza kontratuen iraupena beteta duten etxebizitza publikoetako maizterren egoera aztertzen hasi da. Lehen fase batean, Lasarte plazako 90 etxebizitzen egoera eta Serapio Mujikako beste 100 etxebizitza aztertu dituzte, baina prozedura bera hiri guztira zabalduko dutela aurreratu du Burutaranek. Gainera, hemendik aurrera, Etxegintzako alokairuek hiru urteko iraupena izango dute, eta epe hori igarotakoan berriro errepasatuko dute maizterren egoera.
Donostiako Udaleko erroldaren bitartez, etxebizitza hauetan bizi diren pertsonen nortasuna egiaztatu du Etxegintzak, eta datu ekonomikoak ere eguneratu dituzte, errenta aitorpena eskatuz, eta beste higiezinen jabetzarik duten ziurtatuz.
Alokairu hitzarmenetarako baldintzak
Etxegintzak hainbat betebehar zehazten ditu etxebizitza publikoak alokatzeko.
-Maizterrek ez dute 39.000 euroko diru sarrerarik gainditu behar urtean. Gizarte behar bereziak dituzten familien kasuan, 25.000 eurokoa da muga.
-Ez dute beste jabetzarik izan behar, ez behintzat %50ekoaa baina maila handiagoan. Jabetza txikiagoren bat badute ere, jabetza horrek ez du 75.000 euroko balioa gainditu behar.
-Alokairuzko etxebizitzak ezin zaizkio beste norbaiti alokatu, ezta gelaka ere. Eta beraietan ezingo da inolako lan jarduerarik egin.
-Maizterrak etxebizitza egoki zaindu eta mantentze lanak egiteko betebeharra izango du.
Baldintza hauek betetzen ez dituzten herritarrek ez dute alokairu sozial baterako eskubiderik. Eta hemendik aurrera, baldintza hauek betetzen ez dituztenei ez zaie kontratua berrituko.
Gainera, baldintzak betetzen dituztenei alokairua errentaren arabera egokituko zaie.
Ikuskatzeen emaitzak
Etxegintzako baldintzak betetzen ez dituzten maizterrak ez dira asko, Burutaranek azaldu duenez; zenbat eta etxebizitza zaharragoak izan, orduan eta gehiago. Dena dela, hainbat datu nabarmendu ditu Burutaranek.
Lasarte plazako 90 etxebizitzetan, esaterako, bost kasutan gehienezko diru sarrerak gainditzen dituzte. Beste bati ez dagokio alokairuzko etxebizitza horretan egotea, ez duelako horretarako titulurik. Eta 20 kasutan beste jabetzaren bat daukate, nahiz eta guztiek ez duten %50eko maila gainditzen.
Serapio Mujikako kasuan, berriz, bost kasutan ez dituzte baldintza ekonomikoak betetzen. Lauk gehienezko errenta gainditzen dute, eta beste baten diru sarrerak errenten bidezkoak dira.
Etxebizitza publikoen alokairu sistemaren kontrol eza “larria” dela esan du Ricardo Burutaranek, hainbat urtean ikuskatu gabe egon delako; dena dela, “Etxegintzaren irizpide hauek oso positiboak dira, egoera irregularrean dauden herritarrak identifikatuko direlako eta benetan etxebizitza bat behar duten herritarrei aukera eskainiko zaielako”. Era berean, alokairuzko etxebizitzekin egin den moduan, jabetzan emandako babes ofizialeko etxebizitzak ikuskatzea ere gustatuko litzaiekeela esan du Burutaranek. Eskumen hori Eusko Jaurlaritzari dagokio, baina bide horretan lanean jarraitzeko borondatea adierazi du Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.