Ander Albisu. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Apirilean Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitu zuten duela sei urte YouTube-n igo zituen bi bideorengatik.
Fiskalak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa eskatu du.
Zortzi hilabete dira Ander Albisu (Amara, 1989) Hong Kongen bizi dela. Milaka kilometro egin behar izan ditu bere aurkako epaiketan egoteko. Duela sei urte YouTube-ra igo zituen bi bideo dela-eta “terrorismoa goratzea” leporatu diote. Irutxuloko Hitza-ri azaldu dio akusazioa Ertzaintzak bere aurka idatzitako eta Auzitegi Nazionalera bidalitako informe batzuetan oinarrituta dagoela. Bideoek bere baitan “ez dutela ezer berezirik” defendatu du Albisuk: “Interneten euskal gatazkari buruz edo beste hainbat gatazkari buruzko bideoak bezalakoak dira”. Azken asteetan sare sozialetan jarritako mezuengatik egin diren atxiloketen harira bere egoera azaldu dio Irutxuloko Hitzari.
Iazko uztailean Eloy Velasko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen, Madrilen. Joan den apirilaren 21ean epaitu zuten. Bere aurkako epaiketa “sasi-epaiketa” bat dela salatu du, eta gastu ekonomiko handia izan dela berarentzat. Beldurra sartzeko eta Interneten adierazpen askatasuna mugatzeko helburuarekin antzeztutako zirkoa izan dela uste du Albisuk: “Ez dago eskubiderik horrelako jazarpen ideologikorik jasateko”. Epaiketa bera “zirku bat” izan dela salatu du: “Kamerak bidali zituzten aretoa, ertzainek pelukekin deklaratu zuten, Miguel Angel Carballo fiskalal erretorika inkisitoriala erabili zuen…”. Fiskalak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa eskatu du. Albisu sententziaren zain dago.