Carlos Martinez, baloi bat aldentzen. (Argazkia: Realsociedad.com)
Realak aukera paregabea galdu du sailkapeneko bosgarren postura itzultzeko, Granadaren aurka Anoetan berdindu eta gero (1-1). Mingarria izan da berdinketa, iaz gertatu moduan izan delako. Hain justu, andaluziarrek luzapenean berdindu dute, 93. minutuan, Ighaloren bitartez. Iazko maiatzean, Anoetan ere, istorioa errepikatu zen.
Hori gertatu aurretik, asko sufrituta izan bazen ere, txuri-urdinak aurretik ziren markagailuan, Carlos Velak 78. minutuan lortutako gol bati esker. Ordura arte, bazirudien inork ez zuela atea zulatuko, baina norgehiagokaren azken txanpan gauzak zeharo aldatu dira.
Bi taldeak jokalari bat gutxiagorekin geratu dira bigarren zatian. Lehenengo, epaileak Granadako jokalari bat kanporatu du bigarren horia ikusi duelako, 54. minutuan. Handik hiru minutura, epaileak Mikel Gonzalezi txartel gorria erakutsi dio, sarrera gogor baten ondorioz.
Bi taldeak hamar jokalarirekin, espazioak handitu dira eta edozer gauza gerta zitekeen. Eta hala izan da. Hori bai, Granadaren berdinketaren gola jokoz kanpo izan ote den zalantza dago.