Talentu berrien bila arituko da Izarrak Plazara
Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara taldeak antolatu du gaztetxoentzako lehiaketa, eta ongi pasatzea eta euskarazko sormen artistikoa bultzatzea ditu helburu.
Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskaldunon elkarteak, Izarrak Plazara izenburupean. Izandako arrakasta ikusita, urtez urte antolatzen jarraitzea erabaki zuten. Lehen urte hartan, 2012an, lehiaketa izan zen, baina iaz, erakustaldia bakarrik. Aurten, berriro ere lehiaketa formatua berreskuratzea erabaki dute antolatzaileek, partaide gehiago erakartzen dituelako.
Finean, 18 urtetik beherakoei zuzendua lehiaketa da, eta bakarka zein taldeka euren talentuak aurkeztean datza: Antzerkia, musika, dantza, magia, txiste kontaketa… denetik egin daiteke. Lehiaketa gaur aurkeztu dute komunikabideen aurrean, eta bertan azaldu dutenez, izen emate epea maiatzaren 23a arte egongo da zabalik. Hala, behin partaide guztiak zerrendatuta, maiatzaren 30ean hautaketa proba egingo dute, eta ekainaren 7ko lehiaketan parte hartuko duten artistak aukeratuko ditu epaimahaiak. Azken batean, lehiaketaren helburu nagusia gazteek elkarrekin ongi pasatzea da, eta euskarazko sormen artistikoa eta euskal kulturgintzaren kontsumoa bultzatzea. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak lagundu diote Plazara Goaz taldeari antolakuntza lanetan, eta IRUTXULOKO HITZAk babestutako jarduera da, besteak beste.
Intxaurrondoko kultur etxean egingo dituzte hautaketa proba zein lehiaketa, eta herritarrentzat irekiak izango dira. Gainera, partaide eta ikusleen artean opariak banatuko dituzte: mp4 bat eta entzungailuak, Gaztezulo aldizkariaren harpidetza eta Plazaren Goazen jertse bat. Epaimahaikideak honakoak izango dira: Ainhoa Aierbe aktorea, Itsaso Gutierrez musikaria eta Edu Muruamendiaraz dantzaria. Aurkezle lana, berriz, Fernando Ruiz aktore donostiarrak beteko du.
Euskararen erabilera, taldeak neska-mutilez osatzea, ikusleengana iristea, aurkeztutakoaren zailtasuna, espazioaren erabilera, sormena, orijinaltasuna… hainbat arlo hartuko dituzte kontutan epaimahakideek, eta argi dute, ez dutela batere lan erraza izango. “Ahalik eta justuenak izaten saiatuko gara”, aipatu du Ainhoa Aierbe epaimahakideak. Edu Muruamendiaraz lehiaketaren lehen urtean ere epaile lanetan aritu zen, baina, hala ere, beretzat erronka bat dela esan du. “Talentoa badagoela eta jendea ausartzen dela ikusi nuen. Gazteak animatuko nituzke, aukera polita delako barruan duten guztia ateratzeko”, aipatu du Muruamendiarazek.
Ikastaro berezia, sarien artean
Izarrak Plazaran parte hartzeko 18 urte baino gutxiago izan behar dira, eta hautaketa probara bakarka zein taldean aurkezteko aukera dago. Hori bai, aurkezpenak eta ikuskizunak euskaraz egin beharko dira, eta musika erabili ezkero, euskarazkoa izatea baloratuko dute. Aurten, gainera, epaimahaiak 12 urte bitarteko irabazle bat aukeratuko du, eta 13-18 urte arteko beste irabazle bat. Horretaz gain, euskararen erabilerak sari bat izango du, eta ikusleen saria ere banatuko dute. Berrikuntza moduan, sari berezi bat egongo da. Hain zuzen ere, epaimahaikideek hiru kide hautatuko dituzte, eurekin ikastaro bat egiteko. Hala, dantza, musika, antzerki eta kanta eskolak jasoko dituzte hautatutakoek, astebetez, eta elkarlanean ikuskizun berri bat sortuko dute. Irailaren 15etik 19ra jasoko dute ikastaroa, eta irailaren 20an aurkeztuko dute, Intxaurrondo kultur etxean.
IZARRAK PLAZARA.
Duela bi urte ekin zion haur eta gaztetxoei zuzendutako talentu lehiaketa antolatzeari
- IZEN EMATEA. plazaragoaz@gmail.com, intxaurrondokulturetxea@donostia.org, 628 55 20 66 eta 943 27 93 43. Maiatzaren 23a arte.
- HAUTAKETA PROBA: Maiatzak 30, 17:00. Intxaurrondo kultur etxean.
- LEHIAKETA: Ekainak 7, 17:00. Intxaurrondo kultur etxean.
- SARIAK: