Apirilean Txomin Enean egindako bilera. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Bidebieta, Añorga eta Txomin Enean apirilean egin zituzten bilerak, eta gainontzeko auzoen txanda izango da astelehenetik aurrera.
Auzo Elkarteek izango dute gidaritza bigarren fase honetan. Auzo elkarteetako kideek gainontzeko bizilagunekin egingo dituzte batzarrak, udal teknikarien laguntzaz. Elkarrekin, auzoaren edo herriaren egoeraren diagnostikoa eta hobetzeko proposamenak egingo dituzte.
Lehen fasearen ondoren Axier Jaka, Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, “auzo eta herrietako errealitatea bertatik bertara konpartitzea da garrantzitsuena, auzoko gabeziak eta beharrak identifikatzea eta, azkenik, proposamenak adostu eta lehentasunak ezartzea”.
Partaidetza zinegotziaren hitzetan, “auzo eta herrietan, politika egiteko eredu berri bat sistematizatu nahi du udal gobernuak, Auzo Elkarteen laguntzaz, Udalaren eta herritarren arteko elkarlan espazioak iraunkor bihurtuz”. Herritarrengan interes kolektibo eta orokorrarekiko konpromisoa sustatzea omen da prozesu honen beste gakoetako bat.
Bost eremuren gainean ariko dira datozen batzarretan: Kultura, euskara eta kirola; hirigintza, ingurumena eta mugikortasuna; Garapen ekonomikoa; gizarte ongizatea; eta herri babesa. Zeharkako gaiak: generoa, herri partaidetza, gazteria, adinekoak eta migrazioa izango dira.
Herritarrek eranntzun beharreko galderak:
-Aurreko prozesutik garatu gabe dauden proposamenak oraindik baliagarriak dira?
-Gure auzoetako errealitatea zerbaitetan aldatu da?
-Proposamen berriak ditugu auzoan? Nondik datoz behar horiek?
-Horietatik guztietatik zeintzuk dira lehentasunezkoak?
Erantzunak bilduz, udalak 15 proposamen jasoko ditu gehienez, eremu bakoitzeko hiru proposamen.
Hurrengo bilerak
Parte Zaharra: maiatzak 12 eta 29.
Antigua eta Ibaeta: maiatzak 12 eta 19.
Altza: maiatzak 13 eta 20.
Loiola: maiatzak 13 eta 28.
Gros eta Ulia: maiatzak 14 eta 26.
Martutene: maiatzak 14 eta 21.
Aiete: maiatzak 15 eta 27.
Loiolako Erribera: maiatzak 15 eta 22.
Amara Berri: maiatzak 19 eta 26.
Egia: maiatzak 20 eta 27.
Amara eta Morlans : maiatzak 21 eta 29.
Intxaurrondo : maiatzak 22 eta 28.