
Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotzia Tabakalera inguruko lanei buruz. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Tokiko Gobernu Batzordeak behin behineko onarpena eman dio Tabakaleran Plan Bereziaren aldaketa egiteari. Aldaketa horrek, ingurua eraldatzea ahalbidetuko du. Erabilera publikorako azalera 1.613 metro koadrotan handituko dute, guztira 15.814 metro koadro hartuko dituelarik.
Honela, sarrerak egokitu eta gune berriak sortuko dituzte eraikinaren inguruan. Iparraldeko fatxadan adibidez, sarrera berri bat egingo dute, trenbiderantz irekitzen den sototik.
Honekin batera, TBKafe egitea aurreikusten dute, hau da, kafetegi zerbitzua eta kultur programazioa uztartuko lituzkeen gune bat, terraza izango lukeena.
Gainera, iparraldeko sarrera berri honekin batera, plaza moduko espazio ireki bat sortuko litzateke, geltokiaren goiko pasabidearekin igogailu bidez lotuko luketena. Espazio honen zati handiena estali gabe geldituko litzateke, egun dagoen estalkia neurri batean kenduz.
Egiarekin lotura
Plan Berezian adostutakoaren arabera, Tabakalera eta Egia auzoarekin dagoen lotura nabarmen zabalduko dute. Zazpi metro izatetik 21,80 metrora pasaz.
Blas de Otero plazako lurrazpiko pasabidera sarbidea bereizten duen horma ere eraitsiko dute. Neurri honekin bi helburu beteko dituztela adierazi du Burutaranek. Egiarako pasabidea nabarmen hobetzea, batetik, eta Tabakalera ikusgarriagoa egitea, bestetik. Hirigintza zinegotziak argitu duenez, hainbat arazo eman dituen egungo pasabidearen ordez, espazio ireki eta zabal bat sortuko da. Gainera, auzotarrekin izandako hainbat bileratan adostu zuten moduan, espazio ireki horri emango zaion erabilera herritarrek eurek erabakiko dutela esan du Burutaranek.
Gaurkoa behin-behineko onarpena izan da. Hurrengo udalbatzarrean eztabaidatu eta onartu ondoren Lakuara bidaliko dute proposamena, eta ondoren etorriko litzateke behin betiko onarpena. Beraz, hirigintza zinegotziak ez du zehazterik izan noiz hasiko liratekeen lanak.