Bidebietako institutua kultur gune bihurtzea eskatu dute auzotarrek
Urte hasieran Auzoenea batzordea osatu zuten Bidebietan. Auzoko beharrak aztertu eta denen artean, auzolana eta parte hartzea sustatuz, auzoa eraikitzea dute helburu.
Bidebietan urte luzez aldarrikatu dute gune publiko baten beharra. Oraingoan, ordea, urtetako aldarrikapen horiei egitura bat eman diote. ‘Auzoenea akordioa’ sinatu dute auzoko eragileek; 30 guztira. Bidebietako Institutua edo auzotarrek deitzen dioten moduan, ‘Eskola horiari’ erabilera soziokulturala eman nahi diote. Institutuak erabiltzen ez duen eraikin bat da, garai batean haur eskola zena, eta orain hutsik dagoena.
Ostegunean erregistratu zuten proposamena udaletxean, eta gaur kalean erakutsi nahi izan dute. Horretarako, “bidebietarren erara”, festa giroan agerraldi bat egin dute udaletxearen atarian. Gerturatzen zirenei informazioa eskaintzeaz gain, txistorra pintxoak eta salda ere eskaini dizkiete.
Auzoenea akordioa
Belaunaldi ezberdinen arteko topaleku bihurtu nahi dute gune berria. Auzoenea batzordean bildu diren herritarrek, erabilerarik gabe dauden espazio publikoen erabilera arduratsuaren aldeko apustua egin dutela aldarrikatu dute; “auzotik auzoarentzako” lan egin nahi dute, beraz, gune berria beraiek kudeatzea eskatzen dute. Kultur gunearen proiektuaren kudeaketa eta espazioaren erabilera arauak zehazteko eskumena nahi dute.
Horretarako, eskaera zehatza egin diote udalari; bizilagunen eskaera eta proposamenei bide emateko beharrezkoak diren bitartekoak mahai gainean jartzeko konpromisoa eskatu dute. Era berean, auzotarren parte hartzean
oinarritutako ereduak eta aipatutako gunearen berrerabilpenak legezko izaera izan dezaten beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu dute.
Josu Lonbide, Auzoenea batzordeko kidearen arabera, udal gobernuak nahiz Parte hartze sailak jarrera ona erakutsi dute. Momentuz, eraikina atontzen hasiko dira, giltzak eskuratu baitituzte dagoeneko. Izan ere, Bidebietako Institutua bera proiektua babestu duten eragileen artean dago, eta horretarako baimena eman diete.
Gaur bertan hasiko dira txukuntze lanak egiten. Datorren larunbatean, berriz, maiatzak 17, eraikinaren ateak zabaldu eta festatxo bat egingo dute, auzotar guztiek proiektua eta eraikina bera ezagutzeko.
- Kultur gune bilakatu nahi duten eraikinaren giltzak eskuratu dituzte. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
- Txistorra eta salda banatu dituzte. (Argazkia: Agurtzane Altuna)





